7

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Amuategi

Hamaika gauza irudika lezake zazpiak: katuaren bizitzak, ostadarraren koloreak, bekatu kapitalak, asteko egunak, solfeoko notak, San Fermin eguna eta baita Euskal Herriko lurraldeen batuketa ere. Magikoa omen da zazpia, Anbotoko Marik ere bizilekua zazpi urtetik behin aldatzen ei du. Tiriki-trauki hiru eta lau dira zazpi! Gona gorria zazpi jostunek josia. Zenbat gera? , lau, bat, hiru, bost, zazpi! Zazpi astoren gainean..., ...zazpiak oihal batetik.

Julen Lekuonak idatzi eta Xabier Letek kantatzen zuen Itsasoan urak handi... abestiak dio zatiturik gauden bitartean, handiak, astunak eta gogorrak izango direla gure herria eraikitzeko lanak. Langintza horretan aurrera egin eta soinekoa gure neurrira egin ahal izateko, ezinbestekoa dugu erabakitzeko eskubidea. Jantzi mota guztiak sartzen baitira hor eta euskal herritar guztion artean zer nolako soinekoa behar dugun aukeratzeko bide hoberik ez dagoelako. Zazpiak-bat esapidea asmatu zuen Anton Abadiak, Zazpi Euskal Herriek noizbait bat izango garela irudikatuz. Erabakiaren bidean sinesten dugunok nagiak astindu, mobilizatu, hitza hartu eta Euskal Herriaren etorkizuna gure esku hartzeko beste urrats bat egiteko aukera dugu ekainaren 7an Bilbon. 7 lurraldez osatutako nazio bat garela aldarrikatu eta erakutsiko baitugu bertan. Zazpi Euskal Herriek bat egin dezagun, guztiok beti-beti gauden gu euskaldun!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.