Askatasuna, libertatea!

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Amuategi 2021ko eka. 1a, 12:30

Garai ilunak, beltzak eta latzak bizi ditugu egun. Munduari begiratua ematea besterik ez dago: Gazako eta herri palestinarraren aurkako etengabeko sarraskia, Kolonbian bizimodu hobea aldarrikatzen duten herritarren hilketak, mugetako etorkinen hondamendia, despidoak eta lan baldintzen prekarizazioa, faxismoaren pizkundea… Eta horri guztiari pandemiak eragindako kalte eta albo-kalte guztiak gehitzen badizkiogu, tarte gutxi itxaropenerako!

Baina zergatik kezkatu, boto ziztrin batzuen truke Madrilgo Serrano kalean erosketak egin eta kaña bat hartzeko “libre” baldin bazara? Lasai, erlaxatu eta disfrutatu!

Edukiontzian etorri eta rastroan jarritako objektua balitz bezala salgai jarri dute libertatea. Erraz eta erruz saldu dute produktua.

Martxa honetan “Storage wars” (Nork ematen du gehiago?) estiloko telesaioko trastelekuren baten agertuko da enkantera. Baina aurkikuntzak duen baloreaz galdetzeko erosleak adituarengana jotzen duenean, a zer ezustekoa konturatzen denean preziorik ez duela eta ezin duela salgai jarri!

Askatasuna, besteak beste, inoren mendeko ez denaren egoera eta zapalkuntzarik eza baita.

…libreeeeee izateko haiz jaioa!