Bi urte jokatu gabe egon ondoren, badator berriro ere Gipuzkoako 51. Hiru-txirlo Bola joko txapelketa. 11 jardunaldi izango ditu, eta Elgoibarren jokatuko dute aurrenekoa.
Elgoibarko Aiastia auzoan dagoen San Migel bolatokian hasiko dute 2022. urteko Gipuzkoako txapelketa, datorren zapatuan, martxoaren 26an, 17:00etan hasita. Aurtengo txapelketak 11 jardunaldi izango ditu, eta Elgoibarko bolatokietan jokatuko dituzte horietako bi, aurrenekoa Aiastian eta laugarrena Idotorbeko bolatokian, apirilaren 23an. Azkoitiko Floreagako bolatokian jokatuko duten 10. jardunaldia Final Eguna izango da eta 11. jardunaldian Lehendakari Saria jokatuko dute, Soraluzeko San Andres bolatokian.
• Gaueko tiraldiak, ostiraletan
Aurtengo txapelketak badu baina berritasun bat, jardunaldien bezperan ere, ostiraletan, jaurtialdiak egingo baitituzte, zenbait bolatokitan. Aiastiakoa da horietalko bat. Honenbestez, bariku gauean ere egingo dituzte jaurtialdiak, 23:00etatik aurrera. Horietan edonork har dezake parte, izan federatu edo federatu gabeko. Hiru laguneko taldeak osatuko dituzte eta partida bakoitzean parte hartzeko euro bat ordaindu beharko da, eta bi bola edo jaurtialdi egiteko aukera izango du partadide bakoitzak. Jaurtialdi bakoitzean txirlo gehien joten duen bolariak eramango du batutako diru guztia. Era berean, jokatzen diren lehen bost partidetako emaitzekin jokalari erregulerranaren sailkapena osatuko dute, eta barikuetan tiraldiak egingo dituzten bost bolatokietan txirlo gehien joten dituen taldeak edota bolariak irabaziko du sailkapen hori.
Barren.eus