Ekimena arratsaldeko 19:30ean hasiko da Zubi Nagusian eta kriseiluak piztu aurretik musikariek eta kantariek ikuskizun berezia eskainiko dute. Oraindik ere badago kriseiluak eskuratzeko aukera. Aste guztian zehar Iratxo goxodendan edo barixakuan bertan, Kontzejupean, salgai izango dira 2,5 eurotan.
Herrian ilusioa piztea helburu
Erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendua fase erabakiorrean sartu da eta hainbat lekutan herri-kontsultak iragarri dituzte datozen hilabeteetarako, Debagoienean eta Azpeitian, esaterako. Soraluzeko Gure esku dagok bat egin nahi du ekimen horiekin eta zapatuko ekitaldi parte hartzailaren bitartez erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduaren ilusio izpiak ikusarazi nahi ditugu herri guztian.
Kriseiluak pizteko jarraibideak
Kriseilu bakoitza aireratzeko bi lagun behar dira. Batek kriseiluari eutsi behar dio eta besteak sua piztu behar du kriseiluaren barruan. Ondoren kriseilua askatu eta poliki poliki gorantz egingo du. Prozesua kontu handiz egitea komeni da, kriseilua oso hauskorra da eta.