Nola egingo dugu?
Lehenengo zeregina 2'5€ balio duen kriseilua lortzea da, eta horretarako hiru aukera dituzu(e):
1. Gure Esku Dago taldeko kideren bati eskatu.
2. Abenduaren 18an eta 23an, 19.00etatik 20:30etara, kontzejupean jarriko ditugun mahaietan erosi.
3. Iratxon eskuratu.
Behin kriseilua lortuta, erabakitze eskubidearen aldeko mezuz eta marrazkiz dekoratu egin behar da, eta bakoitzaren esku geratzen da zer ipini edota zer marraztu. Baldintza bakarra, erabakitze eskubidearen aldekoak mezu-marrazkiak jartzea da.
Dekoratutako kriseiluak, eta ez ahaztu txiskeroak, abenduaren 26an, arratsaldeko 7etan ekarri behar dira Zubi Nagusira. Kriseiluak aireratu aurretik ekitaldi txiki bat egingo da, txalapartari, bertsolari eta Domentxen kantuekin; ondoren, 19:30ak aldera, Gure Esku Dagoren kantarekin batera, kriseiluak piztu, gure desiren ontziak piztu, denok elakrrekin indarra eman eta airerartu egingo ditugu. Soraluzetarron ametsak poliki-poliki abenduko gau iluna argitu eta nola urruntzen diren ikustea ikusgarria eta hunkigarria izango da.
Beraz, gutun honen bidez eskatzen dizu(e)gu zeuk edo zeuek ere Euskal Herriaren erabakitze eskubidearen aldeko egun berezi honetan parte hartzea eta ahal duzuen neurrian, kriseilu salmentaren bidez, zuen inguruan erabakitze eskubidearen aldeko mezua zabaltzen laguntzea da.
Eta ea urte berriarekin batera gu guztion etorkizuna libre eta oztoporik gabe aukeratzeko behar diren urratsak ematen jarraitzen dugun. Ametsak-amets, guztion artean lor dezakegula argi dago!
Soraluzeko Gure Esku Dago.
Soraluzen, 2015eko Gabonak.
Oharra: kriseilu hegalariak biodegradableak dira, baina hala ere, ekimena amaitu ondoren inguruetan jausten direnak jaso eta birziklatzeko ontzietara botatzeko laguntza eskatzen dizuegu guztioi.