Ekainaren 21ean hiriburuetako estadioetan egingo den ekitaldiari begira herrian 500 jostun batzea izango da helburua. 26 Tutore izendatu dira eta bakoitzak 20 lagun batu beharko ditu bere inguruan, lagunartean zein parte hartzen duen talde edo erakundeko kideen artean.
Joan zen urteko gizakateak sortu zuen gogo, indar eta ilusioa gogoratuz hasi zuten aurkezpena. Aurten ere erabakitzeko eskubidearen inguruko herritar olatua sortzea proposatu zuten, ezberdinen arteko elkarlana ardatz hartuta: "herri honetako sensibilidade, belaunaldi, pentsamolde eta jatorri diferentietako Jostun bihurtu eta erabakitzeko eskubidea izango duten jostunekin; konplizidadia josi bihar dogu elkarren artian".
Patchwork teknikaren bitartez, milaka oihal zati elkarri josi eta ekainaren 21ean Euskal Herriko hiriburuetako estadioetan ezarriko diren hautestontziak eraikiko dira. Soraluzen 500etik gora jostun lortu nahi dituzte eta horretarako 26 herritarrek tutore lanak egingo dituzte bakoitzak 20ren bat lagunen atxikimendua bilatzeko. Gainera, oihal zati bakoitza pertsonalizatu ahal izango du bakoitzak, nahi duen marrazki edo mezua margotuta.
Apirilaren 25ean Joste Eguna deitu dioten egunean jostun guztiak kalean jarri nahi dituzte josten, erbakitzeko eskubidearen aldeko herritar mugimenduaren zabaltasuna eta adostasunaren neurria adierazteko. Ekainaren 6an berriz, Soraluzeko Gure esku dagoren jaialdia egingo da, jai-giroan eta parte hartzea bultzatuz, joan zen urtean egin zen moduan. Ekainaren 21ean berriz, hiriburuetan egingo den nazio mailako ekitaldia dela eta, soraluzetarrak Anoetara joateko autobusak antolatuko dituzte.