TXUMA Cave, Nick MURUGARREN: Nick Cave euskarara bihurtu zenekoa/zutenekoa.

Erabiltzailearen aurpegia gaztelupe 2015ko ots. 4a, 12:00

Izar & Star Bilboko zikloak gustuko sortzaile baten obraren egokitzapena egiteko gonbitea luzatu die hainbat euskal musikari. Txuma Murugarrenek Nick Cave australiarra aukeratu zuen eta bere diskografiatik "Nocturama" diskoa. 

NICK MURUGARREN BAND

 

 

Euskaraz kantatzeko bertsioa osatu zuen, itzuli, testuak egokitu eta Rafa Aceves pianojotzailearen laguntzarekin aurkeztu zuen gabonetan Bilboko Campos antzokian. Ederra izan zen, baina kantari errenderiar-bizkaitarrak ez zuen emanaldi horretan azken puntua jarri gura izan. Barixakuan etorri zen Gaztelupera, azken hamarkadan musikari fidel duen pianojotzaileak eta Luis Ruiz, kontrabaxu jotzaile bilbotarrak babestuta.

Iluntzean agertu ziren, gogotsu, eguraldiari muzin eginda, geratutako orduan. Txumak gero mikrofonoan azalduko zuen moduan "entsaio gutxi baina lan asko eginda". Txikiteoa eta afal orduaren ondoren musikari bakoitza bere postuan jarri zen, lasai eta entzulegoa bezain gogotsu. Kantariak kontatu zigun australiarraren hainbat berri eta nahiz eta rockeroak bere diskografian beti sartzen duen kantu poetikoren bat, hau dela bere osotasunean lirikotasuna nagusitzen den disko bakarra azaldu zigun.
Eta gure hizkuntzara ekarrita, euskal kantagintzaren parte bihurtu zuen Cave-ren errepertorioa. Hitzetan agertzen da haren mundu bihurgunetsua, baina jantzi guztiz lirikoarekin, amodioa, sexua eta bakardadeaz diharduenean. Cave-n hitzak «oso paisajistikoak» iruditzen zaizkio Murugarreni. Eta horiek dira ilunak, oso intrigazkoak, estatikoak, urdurigarriak, tentsioa, etsipen pixka bat sortzen dutenak. Batetik bestera klimaxa igotzen ari zela "sutan nago" kantuarekin gailurrera eraman gintuen arte. Eta ondoren bereari heldu zion, "kantu xalo bat" abestiarekin Txuma onena hantxe bertan, ondoan eta gertuen genuela konturatu ginen. "Izaskun" kantu mitikoaren bertsio biluzi eta indartsuarekin bukatu zuen kontzertua. Bai, Txumak ere baditu garai iluneko kantuak, galtzaileenak, ederrak baina. Cave-n pertsonaia ahul horiek, elurretan galduta daudenak beraiekin nahastu ziren era indartsu eta guztiz poetikoan. Txuma eta Nick oso hiztun eta komunikatibo egon ziren eta entzuleok eskertu genuen.

 

nICK mURUGARREN 2
     Aipatzekoa Rafa Aceves pianista autodidaktak egin zuen lana, bereziki beroa eta  librea eta Luis Ruizena, aspaldiko musikari lagunarena. Hau, azken orduan batu  egin zen hitzordura, kontrabaxua eta baxu elektrikoa hartuta. Merezi izan zuen.
 Bitartean, kanpoan errekako urak handitzen ari ziren, baina inori ez zitzaion inporta  zer gertatuko zen funtzioa bukatu eta gero. Bizkaiara eta Gipuzkoara joan behar  ziren musikariak eta entzule batzuk, baina hori beste kontu bat zen, ez zegoen  presarik. Puntua eta jarraia behar zuen gauak. Guztiok geratu ginen "gau bezeria"  zelakoaren inpresioarekin, topa egiten. Bitartean han zen Martin, doinu doinu  dantzagarrien erritmo-gidari...baina ez berandu arte. 

 

Gaztelupe - Soraluze

                                                            2015eko urtarrilaren 30an, barixakua

                                                                gaueko kontzertuak