"Kapital publikoa" azken liburuko 18 poema inguru izan ziren eta baita
argitaratzetik deskartatutakoak, bertaratu zirenei liburuaz gaindiko
mahatsa eskaintzeko. Hurrengo egunetan epaituko dituzten gazteak gogoratu
ondoren hasi zen errezitaldia. Entzulegoari federik eskatu gabe eta
proselitismoarekin jokatu barik, bere kapitala zein den joan zen azaltzen
eta hitz larridun KAPITALarekin alderatzen: aleka, gordetzekoak diren
gauzak, zalantzak, maitasunak eta bilaketak, desagertutakoak, egin
beharreko hautuak, hizkuntzarekiko konpromezuak... Eta paisaietan lantegiak
itxi ondoren herrian geratu diren langileak eta eguzkitara joandako
aberatsak; arnasa hartu beharrekoa, naturan edo giza harremanetan. Tartean
erabaki eta zalantza pertsonalak, bere barrutik azalduz.
Berbaren eta doinuaren indarrez batzuetan ereserkiak josiz.
Poetak intentzioz irakurri eta entzuleon begietara jotzen zuen eta horrek
"zeremonia" berezi bihurtu zuen hitzordua. Ordubete eskas izan ginen
entzule isilak, batzuetan txaloak egiteko gogoari eutsiz, tartean sortzen
zen isiltasuna deserosoa izan barik. Horrela heldu zen azken testura eta
orduan berriro ere gogoratu zigun Otamendik 40.000 urte besterik ez zaigula
geratzen eta egin beharrekoak asko direla, lasaitasuna eta premia helaraziz.
Bukaeran, basoerdiaren inguruan...: "berriro irakurri beharra dudan
liburua", "irakurketa zoragarria iruditu zait", "eskuratu behar dut
liburua" eta idazlearekin solasaldi motza oraingoan, joan beharra zuelako
eginbehar prosaikoagoek - hauteskundetarako zerrendak herrian- deituta.
Hurrengora arte, Oto
Gaztelupeko Billi gunean
2015eko urtarrilaren 27an, martitzena