Apirileko tenporak

Erabiltzailearen aurpegia

Denborak gidatzen du askotan gure bizi erritmoa. “Hamaiketan iritsiko naiz etxera” esan eta norbait egongo da zain atearen beste aldean. Norbait horrek orduak pasako ditu etxeko txirrinak noiz joko. Urduri jarri ohi gara ustez bete behar diren denborak betetzen ez direnean; aurreratu zein atzeratu. Badaude goiz joaten direnak, beranduegi joaten direnak, goizegi etorri, beranduegi etorri...baita inoiz joan behar ez zirenak ere.

Emandako hitza ez betetzeak huts egite sentsazioa uzten du norbere barruan eta itzalpe luze bat sortu dezake. Denborak, erritmoak, ohiturak, iragarpenak… guztiak gizakion bizitzaren taupada.

Eguraldiaren berri ematen duten adituak udako tenporetan oinarritzen dira hurrengo hilabeteetan egingo duen eguraldia asmatzen ahalegintzeko. Jatorriz, tenpora latinezko Tempora hitzetik dator, tempus hitzaren plurala denbora edo aroa esan nahi duena.

Behar baino beranduago, uste baino lehenago, baina unerik aproposenean. Gurean, apirileko tenporek aro berri baten hasiera iragarri dute eta hauek izango dira aurrerantzean erritmoak, denborak eta taupadak hauspotuko dituenak.