COVID19 birusa eta zaintza sareak Soraluzen

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Soraluze 2020ko mar. 19a, 12:02

COVID 19 birusak sortu duen larrialdiak egoera deserosoak sortu dizkigu eta sortuko dizkigu guztioi datozen egunotan. Batez ere egoera zaurgarrian daudenak izango dira berriz ere krisi egoera hau okerren pasako dutenak. Hori dela eta, herriko hainbat eragile sozialek Soraluzeko Udaleko alderdi politikooi eskaera egin ziguten zaintza lanak ahalik eta egokien antolatzeko.

Eragile horiek prest agertu ziren bolondres lana egiteko baina udaleko alderdioi eskatu ziguten gaiari dimentsio politikoa eman eta beharrezko neurriak planteatzeko. Gonbidapen horren aurrean Soraluzeko EHBildutik erabaki genuen gure eguneroko lan politikoa albo batera utzi eta gure indar guztiak kausa honetara bideratzea. Horretarako, alkateari jakinarazi genion prest geundela udaleko gizarte zerbitzuak eta herriko eragileak koordinatuz herritarren beharrei erantzungo liokeen plan bat diseinatu eta aurrera eramateko ardura hartzeko. Azken finean herriko zinegotzi eta teknikariekin mahai bat sortu eta herrirako plangintza bat diseinatu eta koordinatzea.

Alkate eta ongizateko tekniknariekin gaia nola enfokatu hitz egiten ibili gara azken egunotan. Atzo, gure harridurarako, alkateak jakinarazi zigun udalak ez daukala EHBilduko zinegotzion laguntza premiarik. Erabaki dute udaletxeko gizarte zerbitzuko teknikariekin eta Elgoibarko Gurutze Gorritik emandako laguntasunarekin nahikoa dutela eta lagundu nahi badugu herritar guztiak bezala gonbidatzen gaituztela Elgoibarko Gurutze Gorrian osatuko den bolondres taldean izena ematera.

Gauden larrialdi egoeran ez gara hasiko hartu duten erabakiaren balorazio politikorik egiten, etorriko dira horretarako garaiak. Udalak gaia berbideratu nahiko balu EHBilduko zinegotziak prest egongo gara aurrerantzean ere herri moduan alkarrekin lan egiteko.

Bitartean EHBilduko zinegotziak herrian era batera edo bestera artikulatuko diren dinamiketan jarriko dugu gure indar guztia datozen egunotan eta herritarrei ere etor daitezkeen laguntza dinamiketan parte hartzeko deia luzatu nahiko genizueke gaurkoan.

Animo guztioi eta elkar zaindu gaitezen! 

Soraluzen, 2020ko martxoaren 19an.

Soraluzeko EHBildu.