Bart Soraluzen gertatutako hilketa dela eta.

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Soraluze 2020ko mar. 16a, 16:54
Soraluzeko mugimendu feministaren kartela, deialdia eginez.

Matxismoak berriz ere kolpatu du gure gizartea eta oraingoan inoiz baino gertuago tokatu zaigu. EHBildutik gogor gaitzetsi nahi dugu bart Soraluzen gertatu den hilketa matxista. Osasun alerta dela eta bizi ditugun egunak ez ohikoak dira, baina zoritxarrez, emakumeen kontrako biolentzia estrukturala da eta bere horretan darrai. 

 

Azken egunetan sarri aipatzen ari gara elkar zaindu behar dugunaren ideia, ongizate kolektiboa interes indibidualen gainetik jartzeko momentua dela. Etxean sartuta pasa beharko ditugu egun edo asteak eta alarma egoerak dakartzan albo kalteak ere kontutan izan behar ditugu. Egoera zaurgarrian daudenak, bakarrik bizi direnak, gaixorik daudenak, ondoez psikologikoa dutenak, lanpostua kolokan dutenak, lanik egin ezin eta diru sarrerarrik izango ez dutenak… momentu zailak biziko ditugu herri bezala. Bereziki gogoan izan nahi ditugu euren erasotzaileekin (izan bikote, izan bestelako senide) lau pareta artean giltzapeturik dauden emakumeak.

Osasun ongizatea denon ardura den bezala, matxismoaren kontra ere denon artean borrokatu beharko dugu. Horregatik, bat egiten dugu Soraluzeko Mugimendu Feministak egindako deialdiarekin. 

Oharra: konfinamenduan indarkeria jasaten ari bazara, telefono honetara deitu dezakezu: 900 840 111. Ez du fakturan arrastorik uzten.

 

 

Soraluzen, 2020ko martxoaren 16an.

Soraluzeko EHBildu.