Instituzioetatik lan handia egin den arren, oraindik asko dago egiteko. Izan ere, sarri, teoria eta praktikaren artean tarte edo desberdintasun handiegia dago, zoritxarrez.
Azkenengo adibidea: autobus geltokiaren aldaketa. EHBildutik hasieratik kontziente izan gara leku berriak emakumeentzat dituen arriskuez: aparte gelditzen da, ez dago etxebizitzarik inguruan, ondorioz inseguritate sentsazio handia sortuko luke lekuak eta sexu eraso baten aurrean, emakumeak guztiz babesgabe geldituko ginateke kiroldegiko autobus geltokian. Azken egunotan, horrelako balorazioak ere jaso ditugu herritarren partetik, EHBildutik genituen kezkak indartu dituztenak: emakume batzuk beldur dira, kiroldegiko autobus geltokian ez direlako seguru sentituko.
EHBildutik dei egiten diogu Soraluzeko Udalari betaurreko moreak jantzi ditzan, eta hartu beharreko erabakietan emakumeen hitza entzun dezan. Azken finean, feminismoa eta genero ikuspegiak transbersalak izan behar dute, eta udalak kudeatzen dituen arlo guztietan presente egon behar dute.
Horrenbestez, autobus geltokiari emakumeentzat segurua den kokapen bat eman diezaiola exijitzen diogu. Emakumeen ongizatea alderdikeri eta aldebakartasun guztien gainetik egon behar delako.
Gora borroka feminista!