Autobus geltokia Gila zubian ipintzeko behar adina ahalegin ez da egin

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Soraluze 2018ko aza. 23a, 15:10

EAJ eta PSE-EEk Errabaleko obrekin batera autobus geltokia Kiroldegira eramatea erabaki dute. EHBildutik hasieratik esan dugu inondik inora ez dugula aldaketa babesten eta Errebaleko obrak aprobetxatu behar direla autobus geltokia Gila Zubira ekartzeko.

Azken hilabeteetan eztabaida ugari eragin du gaiak. Erabiltzaileen kexak nabariak dira eta atzo egindako Errabaleko obren bileran begi bistakoa da herritarren gehiengoak kiroldegiaren aukera ez duela gustuko.

Ez dakigu udal gobernuak kasurik egingo dion EHBilduk zein herritar askok helarazi dizkien iritziei. Oraindik garaiz daude gaia berbideratzeko. Horrelakorik ez balego maiatzeko hauteskundeetan ikusi beharko litzateke zein den jendearen iritzia. EHBildutik argi esan nahi diegu herritarrei Gila Zubiaren aldeko iritzian tinko mantenduko garela eta alkatetza lortuko bagenuke bermatuko genukeela Gila Zubian kokatzea autobus geltokia.

Herritarren eta instituzioen arteko harremana

Argi daukagu udala herritarren behar eta nahien mesedetara egon behar den instituzioa izan behar duela. Alkarrekin Soraluze Eginez prozesua abian jarri genuenean harreman hori hobetzea zen helburu nagusienetako bat eta pauso garrantzitsuak eman ziren norabide horretan. Legegintzaldi honetan ordea ez da egoki landu kontu hau. Alkarrekin Soraluzeren arima erdi hilik utzi dute eta atzoko bileran gertatutakoak ez du lagunduko herritarrak instituzioetara gerturatzeko ahaleginean.

EHBildutik argi esan izan dugu eta berriz esaten dugu gaurkoan Soraluzek eskatzen duela alderdikeriak eta aldebakartasunak albo batera utzi eta herritarrekin batera berriz ere Alkarrekin Soraluze filosofia berrezartzeko ahalegina egitea. Guk argi dugu hori dela bide egokiena Soraluzerako eta aurrerantzean ere horren alde jarraituko dugu lanean.