1. “EHBilduk hain garbi bazuen adostasunerako marjinarik ez zegoela, nola esperu zuen beraien proposamenak adostea azken momentuan aurkeztuz, Osoko Bilkura egunean bertan? Argi gelditzen zaigu proposamen hauek aurkeztearen arrazoia 2018ko aurrekontuari ezetza emateko justifikazio hutsa, besterik ez dela izan”.
Ez lasai, zoritxarrez ezetza justifikatzeko bageneukan nahiko arrazoi zuen aurrekontuetan bertan. Gure proposamenekin agirian utzi nahi izan duguna da askoz aurrekontu hobeak eduki zitzakeela Soraluzek 2018rako eta ikusten denez lortu dugu.
Zergatik ez diozue begiratzen zuek egindakoari? Normala iruditzen zaizue aurrekontuak aurkezten dizkiguzuen egunean guri esatea ez dagoela negoziatzeko inolako marjenik, oso argi dituzuela aurrekontuetan agertzen diren proiektuak... eta gero EHBilduri aurpegiratzea ez dugula inolako proposamenik egin plenoaren aurretik? Zuek aurretik esaten badiguzue ez zaudetela ezer aldatzeko prest eskubide eta legitimitate osoa daukagu gure irakurketa eta proposamenak noiz eta nola egin erabakitzeko.
Badago guzti honetan beste kontu oso argigarri bat. Aurrekontuen aurkezpen egunean galdetu genizuen zergatik etxebizitza planerako ez zegoen inolako partidarik (alderdi guztiek 3 plenotan konpromezua hartuta daukagu Etxe Hutsen errekargotik jasotzen den dirua etxebizitza politiketan erabiltzeko). Jaso genuen erantzuna: isiltasuna. Plenoan hartutako konpromezuak inongo esplikaziorik gabe albo batean utzi eta gainera horren konplize egitea proposatzen ari zineten. Zuek nahi duzuena egin baina guk ez diogu hartutako hitzari uko egingo. Hori baino duintasun gehiago daukagu kamaradak!
2. “EHBilduk aurkezturiko proposamenak oinarrian akatsa dauka. Diru-laguntza zuzena ezin delako kiroldegikoa ez den beste proiektu batzuk finantzatzeko”.
Kontua da hau ez dela ohiko dirulaguntza. Opari politiko-partidista-elektoralista bat dira Soraluzek Diputaziotik “a dedo” jasoko dituen 250.000€ horiek. Ondorioz horrelako opari politikoak zertarako erabili oso, oso negoziagarria izan daitekeela pentsatzeak badauka logika pixkat ezta? Gainera diru horiek guk ere kiroldegian inbertitzea proposatu dugu, paddle pista estaltzen, umeentzako jolasgune estali bat eraikitzeko eta skate zona baterako.
3. “EHBilduk proposatutako ekintzak kolektibo zehatzen beharrak asetzeko bideratuta daude, Udal Gobernuarenak berriz herritar guztien beharrak asetzen ditu, interes orokorra kontuan hartuta”.
Nolatan esan daiteke enpleguan, mugikortasunean, hezkuntzan, energian, etxebizitzan eta kirolean inbertitzea ez dela interes orokorrekoa? Ze arduradun politikok egin ditzake horrelako adierazpen axolagabeak?
Interes orokorrekoa ez den proposamen bakarra egin dugu: udaletxeko teilatua konpontzea behingoz. Interes orokorrekoa ez izanagatik herritarren lotsa orokorrekoa bihurtuta dago eta dagoeneko.
Bukatzeko Udal Gobernu Taldeari jakinarazten diogu oraindik garaiz dagoela EHBilduk egindako proposamenak aurrekontuan txertatzeko. Bazterrak nahasten jarraitzea baino probetxuzkoagoa izango litzateke dudarik gabe.