Hondakinen kudeaketa herri partaidetzaz eta adostasunez

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Soraluze 2015ko ots. 10a, 20:55

Poztekoa da hondakinen gaikako bilketan, Soraluzen birziklapen tasak izan duen gorakada. Nabarmena da ehuneko horretan, bostgarren edukiontzia ezartzeak izan duen eragin positiboa. Soraluzeko EAJk zabaldu dituen Mankomunitateko datuen arabera, %12ko igoera izan du birziklapen tasak.

Badirudi ordea, beste behin ere, Soraluzeko EAJ bazterrak nahastu nahian dabilela, existitzen ez diren mamuak zabalduz, Soraluzeko EH Bilduk hauteskundeak irabazi ezkero, atez ateko bilketa sistema “inposatu” nahi duela zabalduz komunikabideetan edo Gizaker enpresaren bidez garatzen ari den inkestaren bidez ("ze irudituko litzaizuke Bilduk hauteskundeak irabaziko balitu eta atez atekoa ezarri?”).

 

Soraluzeko Bilduk argi dauka ordea, hondakinen kudeaketa herritar guztion erantzukizuna den heinean, herritarren parte hartze eta adostasun ahalik eta zabalenarekin hartu beharreko eta kudeatu beharreko erabakia dela. Soraluzeko EH Bilduk, esan gabe doa, bete betean sinesten duelako herritar guztion artean martxan jarri eta abiada eman diogun prozesuan. Etorkizuna Alkarrekin erabaki eta eraiki nahi dugu Soraluzeko EH Bildun eta ez dugu beraz balizko gehiengo osorik ustezko interes partikularretarako erabiliko. Esan al dezakete hori EAJkoek?

 

Guztion zeregina eta ardura da gure jardunarekin ingurunea ahalik eta gutxien kaltetzea eta komeni da gogora araztea, nahiz eta birziklapen tasa %36ra igo den, oraindik ia beste hainbeste falta zaigula Europak eta Mankomunitateak berak 2016rako ezarritako helburura heltzeko: %60ko birziklapen tasa, %75 2020rako. Herritarron erantzukizunean eta helburuetan ados bagaude, lortuko dugu Soraluzerako bilketa sistema egoki eta eraginkorrena adostea ezta?