Udaleko komunikazio zerbitzuen kontratazioa dela-eta

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Soraluze 2015ko urt. 25a, 22:54

Soraluzeko EAJk udaleko komunikazio zerbitzuen kontratazioa dela-eta, Soraluzeko Bilduko Udal Gobernuak kontratazioa “a dedo” egin duela salatuz kaleratu duen azken oharraren aurrean honakoa adierazi nahi dugu.

1. Kontratatu dena ez da izan udaleko langile bat nominan. Pertsona horren zerbitzuak kontratatu dira, bost hilabetetan zehar proiektu bat garatzeko. 2015eko aurrekontuetan 15.000 euroko partida bat zehaztu da udaleko komunikazioa garatzeko zerbitzuak kontratatzeko. Aurrekontu horiek udaleko talde politiko guztiekin landu dira, EAJ barne eta horren jakitun dira.

 

2. Pertsona horren zerbitzuak hain justu Udalerako diseinatu den Komunikazio Plana abian jartzeko kontratatu dira. 2014an Lanbidek enplegua sustatzeko emandako laguntzei esker pertsona hori bera aritu da Komunikazio Plana diseinatu eta idazten. Nor egokiagorik beraz plana abian jartzeko udaleko langile eta Gobernu Taldeak lan bikain eta beharrezkotzat jo dutenean plana? Ez dago soberan gogora araztea, bera izan zela lanpostu horretarako deialdi publikoan aurkeztu zen bakarra.

 

3. Komunikazio Planak hurrengo bizpahiru urteetarako ekintzak jasotzen ditu. Jakin badakigu ordea maiatzean hauteskundeak direla eta edozer gertatu daitekeela. Egokiagoa irudituko litzaioke EAJri hauteskunde bezperatan komunikazio zerbitzuak eskaintzen dituen bestelako enpresa bati epe luzerako kontratua sinatzea? Hauteskundeen ostean eratzen den Udal Gobernu Taldeari dagokion lana dela uste dugu.

 

4. Ez dugu horregatik ezer egin gabe egon nahi ordea. Udal Gobernuak plana garatzen hasteko konpromisoa hartu du, planean jasotzen diren zenbait ekintza urgenteak direla uste baitugu.

 

5. Zerbitzuen kontratazioa legeak exijitzen duenaren baitan egin da EAJk ondo dakien bezala, beste zerbitzu kontratazio asko egiten diren gisan.Kontratazioak egiteko baldintzak ad hoc manipulatzen direla esatea gezurra izateaz gain, udaleko langileen profesionaltasuna zalantzan jartzea eta eurekiko zein urteotan kontratatuak izan diren zerbitzuekiko errespetu falta izugarria iruditzen zaigu.

 

6. EAJk oharrean azaltzen duen gisan, kontratatutako zerbitzuak konfiantzazko pertsona batenak dira, edozein udal eta instituziotan egin ohi den gisan komunikazio zerbitzuekin, komunikazioa kontu teknikoa izateaz gain politikoa ere badelako. Ez dugu ulertzen beste herrietan gauza normala dena (EAJk gobernatutako herrietan barne) zergatik izan behar den eskandalua eta “a dedo” egindako kontratazioa Soraluzen. Are ulertezinagoa da jarrera hau Enplegu Batzordean EAJko ordezkariak ontzan eman zituenean azalpenok.

 

Soraluzeko EAJk azken urteotan ia ohitu gaitu egia erdi eta gezurrekin egindako albiste manipulatuetara boto ziztrin batzuen bila. Bilduko Gobernuak beti bilatu ditu adostasuna eta akordioa talde politiko guztiekin eta herritarrekin. Eta horretarako gardentasun osoz azaldu dizkie epe labur zein luzeko ekintza eta proiektuak. EAJk ordea asmo on guztiak bere etekin politikorako baliatu ditu ahal izan duen guztietan lehen esan bezala egia erdi eta gezurrez baliatuz.

 

Ez zaigu onargarria iruditzen erantzukizuna pertsona baten gain jartzea eta guztia bere militantzia politikoarekin nahastu eta kriminalizatzen saiatzea, besteak beste oharrean adierazten diren kargu politikoak gaur egun betetzen ez dituenean.

 

Bestetik ez zaigu onargarria iruditzen zenbait komunikabidek, hemen aipatutako guztiaren berri izanda ere, partzialtasun interesatuz jokatzea, alde bakarraren bertsioa soilik publikatuz. Kalitatezko kazetaritzak beti barnebildu beharko lituzke alde anitzetako ikuspegiak.

 

Hau horrela izanda, Soraluzeko EAJri bere oharra eta adierazpenak zuzentzeko exijitzen diogu, gertakizunen bertsio osoa eta ez partziala emanez. Era berean, espero dugu aipatu komunikabideek azalpen hauek ere publikatuko dituztela, zuzenketari eta inpartzialtasunari bide eginez.

 

Hemen dituzue gaiarekin zerikusia duten hainbat lotura:

http://plaentxia.eus/komunitatea/udaletxeko-komunikazioa/107-udalak-komunikazio-plana-martxan-jarriko-du-ondorengo-hilabeteetan

http://www.noticiasdegipuzkoa.com/2015/01/25/vecinos/debabarrena/el-consistorio-impulsa-un-plan-de-comunicacion-en-soraluze

http://www.diariovasco.com/bajo-deba/201501/25/denuncia-contratacion-dedo-responsable-20150125011526-v.html