Soraluzeko EAJ-PNVk jendaurrean salatu du Udalak ez duela ezer egin hainbat hilabetez herriko kaleetan aparkatuta egon diren ibilgailuen aurrean. Egoera horrek, ohartarazi dutenez, larritzen ari da dagoeneko kezkagarria den aparkaleku falta hainbat eremutan.
“Herritarrek beren ezinegona helarazi digute. Ibilgailu batzuek hilabeteak daramatzate mugitu gabe, askok IATrik eta segururik gabe, beste batzuek egunero behar duten espazioa okupatzen ”, adierazi du Iker Aldazabal udal taldeko bozeramaileak.
Jeltzaleek gogorarazi dute udal ordenantzak berariaz debekatzen duela ibilgailu bat 30 egun baino gehiago uztea leku berean, abandonutzat interpreta daitekeelako. “Kontua ez da soilik espazio publikoa berreskuratzea. Legea betearaztea eta hiri ingurunea zaintzea da helburua”, gaineratu du Aldazabalek.
Horregatik guztiagatik, EAJ-PNVk gobernu-taldeari eskatu dio arduraz jokatzeko, jabeekin harremanetan jartzeko eta beharrezko kudeaketak bultzatzeko, ibilgailu horiek lehenbailehen erregularizatu edo erretiratzeko.