EAJ-PNV Soraluzek Irisgarritasun Plan berriarekiko benetako konpromisoa eta argitasuna eskatu du

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Soraluze 2025eko azaroaren 14a

Alderdi jeltzaleak Udal Gobernuari eskatu dio finantzaketa eta exekuzio epeak argitzeko, eta plana herritarrei jendaurrean aurkezteko

Soraluzeko EAJ-PNV udal taldeak zalantzak azaldu ditu Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integral berriaren inguruan. Dokumentua sakon aztertu ondoren, jeltzaleek ohartarazi dute funtsezko bi alderditan ez dagoela bermerik: exekuzioaren kronologian eta proiektuen finantzaketan.

“Planak legegintzaldi honetatik askoz haratago doazen jarduerak jasotzen ditu, baita hurrengoak ere, aurrekontu konpromisoak eta horiek finantzatzeko modua zehaztu gabe”, adierazi du Iker Aldazabal udal bozeramaileak. “Jarduera gehienak kanpo finantzaketa lortzearen mende daude, baina ez da zehazten EH Bilduren gobernu taldeak zer kudeaketa egin dituen funts horiek bermatzeko. Ezin da benetako konpromisoaz hitz egin aurreikuspen ekonomiko zehatzik gabe”.

EAJ-PNVk azpimarratu du irisgarritasuna pertsonen ongizateari eta autonomiari zuzenean eragiten dion lehentasuna dela, eta, beraz, ezin dela ariketa tekniko hutsean geratu. “Paperak dena jasaten du, baina garrantzitsuena da proposamenak Soraluzeko kale eta eraikinetan hobekuntza ikusgarri bihurtzea”, adierazi du Aldazabalek. “Benetan udalerri inklusibo bat nahi badugu, plan bideragarri bat behar dugu, finantzaketa ziurtatuarekin eta exekuzio egutegi argi batekin”.

Horregatik guztiagatik, talde jeltzaleak Udal Gobernuari eskatu dio agerraldi publiko bat antola dezala planaren edukia eta herritarren aurrean dituen konpromisoak azaltzeko. “Gardentasuna eta parte-hartzea funtsezkoak dira. Bizilagunek zer egingo den, noiz eta zer baliabiderekin zuzenean ezagutzea nahi dugu ”, amaitu du Aldazabalek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.