railean egindako Gizarte Ongizateko Batzordean, Soraluzeko EAJ-PNVk Gipuzkoako Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako Departamentuak argitaratutako dirulaguntza deialdira aurkeztearen garrantzia adierazi dio EH Bilduren Udal Gobernuari. Laguntza-lerro hau zainketen arloko gizarte-berrikuntzako proiektuetara zuzenduta dago, besteak beste, zaintzako tokiko ekosistemak hedatzera eta sendotzera.
Talde jeltzalearen ustez, Soraluzek ezin du aukera hori galdu bere Zaintza Ekosistema propioa sortzeko, udalerriko gizarte eragileekin lankidetzan garatuko litzatekeen proiektua, adinekoei, mendekotasuna dutenei edo zaurgarritasun eta hauskortasun egoeran daudenei arreta emateko aurrerapauso garrantzitsua izango litzatekeena.
Iker Aldazabal bozeramaile jeltzaleak azpimarratu duenez, “zainketen berrikuntza sozialari esker, modu sortzailean eta eraginkorrean erantzun dakieke zahartzeari, nahi ez den bakardadeari, mendekotasunari edo pertsona zaurgarrien babesari, eredu integratzaileagoekin, lankidetzazkoagoekin eta jasangarriagoekin. Gainera, arreta pertsonalizatzea bultzatzen du eta erantzukidetasun soziala sustatzen du, pertsonak erdigunean jarriz”.
Norabide horretan aurrera egiteko, EAJ-PNVk planteatu du Udalak lehenbailehen hastea herritarren partaidetza-prozesu bat, egungo gizarte-zerbitzuen diagnostikoa egin ahal izateko. “Bizilagunei entzutea, haien beharrak bertatik bertara ezagutzea eta pertsonak eta komunitatea erdigunean jarriko dituen eredu bat diseinatzea da kontua”, azaldu du.
Talde jeltzaleak gogorarazi du ekimen horiek eragin sozial positiboa eta neurgarria izan behar dutela, eta Soraluzek aukera paregabea duela gizartean errotutako eta bertako errealitatera egokitutako zaintza sistema bat eraikitzeko.
“Gipuzkoako Foru Aldundiak bide argi bat ireki du udalerriok zaintza eredu gizatiarragoetarantz eta iraunkorragoetarantz aurrera egin dezagun. EAJ-PNVtik EH Bilduri eskatzen diogu Soraluze atzean ez geratzea. Komunitatean oinarritutako proiektu berritzaile bat martxan jartzeko aukera dugu, gure bizilagunen bizi kalitatea hobetuko duena. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da”, adierazi du Aldazabalek.