EAJ-PNVk Soraluze biziberritzeko urrats erabakigarriak eman ditu. Gaur egun, herritar guztiek gozatzeko moduan daude SAPAko pabiloia eta Gabolatseko zubi berria, jeltzaleen gidaritzapean egindako lanaren fruitu direnak.
Eusko Alderdi Jeltzaleak konpromiso argia du Soraluzerekin eta Soraluzeko herritarrekin. Horren erakusgarri da Gipuzko Buru Batzarrak aste honetan udalerrira egin duen bisita, azken urteetan jeltzaleek abian jarritako bi proiektu estrategikoren bilakaera bertatik bertara ezagutzeko.
Euge Arrizabalaga presidenteak eta GBBko burukideek, EAJ-PNVren udal ordezkariekin batera, SAPAko pabiloiaren inguruko urbanizazio lanak eta Gabolatseko zubi berria bisitatu dituzte. Izan ere, bi proiektu horiek aurreko agintaldian diseinatu, negoziatu eta abiarazi ziren, EAJ-PNVko alkate Iker Aldazabalen lidergoari esker.
SAPAko pabiloia: herriarentzat gune berri bat
Eremu degradatua zen horretan, gaur egun soraluzetarrentzat askotariko erabilerarako gune estali bat bilakatu da, tokiko ondare industrialaren balioa aitortu eta aisialdirako aukera berriak eskaintzen dituena. Udalak, 2019an, hirigintza-hitzarmen bidez eskuratu zuen pabiloia berreskuratzeko lanek 2023ko martxoan izan zuten hasiera, eta 2024an amaitu ziren, guztira 1.2 M€-ko inbertsioarekin. EAJ-PNVren kudeaketa eta erakunde arteko akordioei esker, proiektu hau posible izan da Gipuzkoako Foru Aldundiaren (700.000€) eta Eusko Jaurlaritzaren (440.000€) laguntzarekin.
Etorkizunera begira, EAJ-PNVk gogorarazi du SAPAko proiektuak bigarren fase bat egiteke duela Udalak: pabiloiaren lateralak estaltzea, itxitura konponidea ematea, eta azpimarratu du hori errealitate bilakatzeko lanean jarraituko duela. Gainera, alderdi jeltzaleak proposatuta, Baltegietako kalearen urbanizazio- eta zaharberritze- lanak ere martxan jarriko dira laster, 104.000 euroko inbertsioa izango dituena.
Gabolatseko zubi berria, uholdeak ekiditeko eta irisgarritasuna bermatzeko
GBBko presidenteak eta burukideek zabaldu berri den Gabolatseko zubiaren emaitzak gertutik ezagutu dituzte. EAJ-PNVk bultzatutako obraren lehentasuna segurtasuna bermatzea izan da: zubi berriak uholde-arriskua murrizten du, baita ibaiaren ibilgua libre utzi ere. Gainera, 5 metroko zabalerarekin, oinezko zein ibilgailuen joan-etorriak antolatzen ditu, pertsonen segurtasuna bermatzen dituena. Zubi berria eraikitzeak ez du kosterik izan herritarrentzat. Aldazabal eta URA agentziaren arteko elkarlanak posible egin du 1.9M€-ko inbertsioa herrira ekartzea.
Laburrean, SAPAko pabiloiaren inguruko urbanizazio lanak eta Gabolatseko zubia EAJ-PNVk Soraluzerentzat duen ereduaren adibide argia da: herrigintzan eta erakundeen arteko lankidentzan oinarritutako politika, soraluzetarren ongizatea hobetu eta bizi-proiektuak ahalbidetuko dituena. Iker Aldazabalek , honela laburbildu du: “EAJ-PNVren lanari esker Soraluze biziberritzen ari da. Lidergoa erakutsi dugu, udalaz gaindiko erakundeekin akordioak lortzeko gaitasuna erakutsi dugu, eta horri esker proiektuak gauzatu dira. Gure anbizioa argia da: Soraluze herri atseginago eta bizigarriagoa bihurtzea.”