Soraluzeko EAJ-PNVren hautagaiak datorren igandean, maiatzak 17, herritarren aurrean aurkeztuko dituzte hauteskunde programako proiektu nagusiak. Horretarako, igande eguerdian, 12.30etan jarri dute hitzordua Soraluzeko jeltzaleek eta Plaza Zaharrean elkartuko dira hautagaiak, Iker Aldazabal buru dutela, herritarrei banan bana proiektuak aurkeztu eta argibideak emateko.
"Herritarrek gure proposamenak gertutik ezagutzea nahi dugu eta dituzten galdera eta zalantzei banan bana erantzun nahi diegu" azaldu du Aldazabalek. Horrela, orain dela aste batzuk etxe guztietara bidali zuten esku orrien parte hartze dinamikari jarraituz, herritarrekin partekatu nahi izan dute programaren aurkezpena. "Herritarrengandik ekarpen ugari jaso ditugu eta gure programan ere egin diegu tartea hauetako askori" aipatu dute hautagai jeltzaleek.
Iker Aldazabalek aditzera eman duenez, programako hamar proiektu nagusiak azaltzeko panelak jarriko dituzte batzokiaren aurrealdean eta argazki eta argibideak ere jarriko dituzte, ahalik eta modu ikusgarrienean herritarrei aurkezteko.
Bukatzeko, bertaratzen diren guztientzako mokadutxo bat ere eskainiko dute jeltzaleek.