- Iker Aldazabal: "Beiraz itxitako gunean kafetegi bat jarri nahi dugu eta estalitako eremuan haur parkea, horrela herriaren erdigunean aisialdi gune berria sortuko genuke"
- Jeltzaleek, gainera, kiroldegiko kultur gunearen berrantolaketa eta egokitzea proposatzen dute, teknologia berrietara egokitzeko.
EAJ-PNV hasi da dagoeneko datozen maiatzaren 24ko udal hauteskundeetara aurkeztuko duen programak jasoko dituen proiektu nagusiak ezagutzera ematen eta prentsa ohar baten bidez jakinarazi dute zein izango den legealdi berrirako proiekturik nagusienetakoa. Soraluzeko alkatetzarako hautagai eta bozeramailea den Iker Aldazabalek bere borondatea azaldu du kiroldegiko gainaldean aisialdi gune berria jartzeko. "Urteak dira kiroldegiko gainaldea esku hartze baten zain dagoela aisialdi gune moduan prestatzeko eta hauxe izango da gure lehentasunetako bat legealdi berrian" azaldu du Aldazabalek.
Duela gutxi burutu ditu udalak kiroldegiko gainalderako sarbidean hobekuntzak eta ranpa baten bitartez irisgarritasuna hobetu da. Horregatik, EAJ-PNVtik proposatu nahi dugu "beiraz itxitako gunean kafetegi bat jartzea eta kanpoaldean, estalita dagoen gunean, haur parkea egokitzea eguraldi txarrarekin ere haurrek jolas egiteko lekua izan dezaten" azaldu du Iker Aldazabalek. "Gure proposamenak erdigunean eta erabilerarik gabe dagoen gunea berreskuratu nahi du aisialdirako, soraluzetar guztien probetxurako" nabarmendu du hautagai jeltzaleak.
Bestetik, EAJ-PNVk kiroldegiko kultur gunearen berriztatzea proposatu du, zehazki liburutegia, ludoteka, erakusketa gela eta AEKk erabiltzen dituzten eremuak. "Kiroldegia eraiki zenetik ez da gune hau berritu eta bertako instalakuntzak oso zaharkituak daude eta leku gabezia arazoekin" adierazi dute jeltzaleek. "Espazioaren birbanaketa egitea proposatu nahi dugu probetxu haundiagoa lortzeko, teknologia berrietara egokitzeko eta egungo beharrei erantzun egokia emateko".
Bukatzeko, Iker Aldazabal hautagaiak azpimarratu nahi izan du gune honen atontzeak Soraluzeri jolas eta aisialdi eremu berri bat eskainiko diola herriaren erdigunean, euria dagoen egunetan ere erabili ahal izango dena, "baina kultur ekintza ezberdinak burutzeko gune berria ere eskainiko digu, formatu txikiko kontzertuak edota kale antzerkia, adibide batzuk jartzekotan" amaitu du Aldazabalek.