- Aldazabalen ustetan; Beharrezkoa da Hezkuntza sailarekin akordio batetara iristea eraikina osorik birgaitzeko.
- Institutuko eraikinari ere, irisgarritasuna bermatu behar zaio
Iker Aldazabal, Soraluzeko EAJ-PNVren bozeramaile eta alkategaiak prentsa ohar baten bidez bere kezka adierazi du frontoiko eraikin zaharrak duen egoeraren inguruan. "Instalazio hauek erabiltzen dituzten haur eta nerabe kopuru haundia kontutan izanda, frontoiko eraikin zaharraren eraberritzeak ezin du gehiago itxaron" azaldu du Aldazabalek.
Jeltzaleek gogorarazi dutenaren arabera, eraikin honek hainbat erabilera hartzen ditu bere baitan, haurreskola beheko solairuan, institutuko jangela eta eskulanen tailerra lehenengo solairuan eta musika eskola bigarren eta hirugarren solairuetan. "Eraikinak pairatzen duen egoera ikusi besterik ez dago, bereziki leihoak, gillotina modukoak izanik ez diruditelako egokienak eraikinean segurtasuna bermatzeko" azpimarratu du Iker Aldazabalek. Hala ere, "egokiena eraikina birgaitzeko proiektu integrala egitea litzateke, beharrezkoa bada lanak pixkanaka eginez eta etorkizunean eraikin honen irisgarritasun arazoari erantzun egokia emanez igogailu baten bidez" proposatu dute EAJtik.
Haatik, "hau ez da inguruko horretako behar bakarra, instituturako sarbideak ere irisgarritasuna hobetzeko premia nabarmena baitu eta hau nola konpondu daitekeen sakonki aztertu beharko litzateke" adierazi du Aldazabal hautagaiak. Bide berean, lehengo futbito jokatzeko erabiltzen zen eremuaren zati bat haurreskolako patioa da gaur egun eta porteriak oraindik bertan badaude ere, probetxurik ez zaio ateratzen eremu horri. Horregatik, "gune honentzako erabilpen egokienak zeintzuk izan daitezkeen aztertu beharra dago eta erabilera berrietarako egoki urbanizatu".
Azkenik, Iker Aldazabalek nahitaezkotzat jo du obrak gauzatzeko Hezkuntza Sailarekin akordio batetara iristea, "ahalik eta azkarren ekin behar zaie lanei, besterik ezean pixkanaka, baina ezin gara denbora hobeagoen zain denbora luzez egon".