Hazilan egitasmoaren bosgarren edizioan izena emateko epea zabalik dago

Erabiltzailearen aurpegia debegesa 2018ko mar. 22a, 11:49

Debabarrenean Hazilan egitasmoan parte hartu duten gazteen %63k lortu du lan merkatuan txertatzea; aurreko lau edizioetako 54 partaideetatik 34 lanean ari dira gaur egun.

Debegesa garapen agentziak Hazilan programaren bosgarren edizioa abian jarri du. Egitasmoa Debabarreneko 20 eta 44 urte bitarteko gazte langabeei zuzenduta dago, goi mailako heziketa zikloa edo unibertsitate ikasketak bukatuta dituztenei. Gazte horien laneratzea du helburu egitasmoak.
 
Bosgarren edizio hau apirilean hasi eta ekainean amaituko da. Parte-hartzaileek prestakuntza pertsonalizatua jasoko dute. Lehen fase batean, euren gaitasun pertsonalak eta profesionalak hobetzeko trebakuntza jasoko dute, lan mundura sartzea erraztuko dieten erreminten bitartez, eta proiektuen kudeaketa arloko ezagutza eta trebezia landuko dute metodologia berritzaileen bidez. Bigarren fase batean, enpresetan praktikak egiteko aukera izango dute. Honela, lan munduko errealitatea gertutik ezagutzeko aukera izango dute.
 
Apirilaren 11ra arte eman daiteke izena debegesa.eus webgunearen bitartez. Interesa dutenei programaren xehetasunak azaltzeko eta zalantzak argitzeko informazio-saio bat egingo da apirilaren 10ean, 12:00etan, Debegesaren egoitzan. 
 
Orain arte egindako 4 edizioetan 54 lagunek hartu dute parte (30 emakumezko eta 20 gizonezko), eta horietatik 34 lanean ari dira gaur egun.
 
Hazilan egitasmoa Euskadiko Programa Operatiboaren baitan kokatzen da eta Europako Gizarte Funtsak finantzatzen du %50ean.