Bideojoko tailerrak egingo dira Aste Santuko oporraldian Debabarrenean

Erabiltzailearen aurpegia debegesa 2018ko mar. 20a, 17:05

Deban, Eibarren eta Mutrikun plaza guztiak agortu dira jada. Mendaron eta Soraluzen, izena emateko aukera dago oraindik.

8 eta 15 urte bitarteko Debabarreneko 70 gazte baino gehiagok eman dute izena Aste Santuko oporraldian gure eskualdean egingo diren bideojoko sorkuntza tailerretan parte hartzeko; horietatik %22 neskatilak dira. Zehazki, Deban, Eibarren, Mendaron, Mutrikun eta Soraluzen egingo dira tailerrak.
 
Harrera ezinhobea izan du ekimenak. Deban, Eibarren eta Mutrikun plaza guztiak agortu egin dira jada. Eskaera handia izan da bereziki Eibarren eta, Udalak hala erabakita, plaza kopurua gehitu eta interesa agertu duten gazte guztiei eman zaie aukera tailerrean parte hartzeko. Hiru herri hauetan tailerrak apirilaren 3tik 6ra egingo dira.
 
Mendaron eta Soraluzen tailerrak martxoaren 26tik 28ra egingo dira eta izen-ematea zabalik da oraindik. 8 eta 15 urte bitarteko mendaroarrek gazterobotika.eus atariaren bitartez eman ahalko dute izena; Soraluzeko gazteen kasuan, Udaletxera jo behar dute izena emateko. Bi tailer hauetan parte hartzeko prezioa 18 eurokoa da.
 
 
STEAM trebetasunak sustatzea xede 
Debabarreneko gazteen artean bokazio teknikoak eta teknologikoak modu erakargarri eta jostagarrian sustatzea dute helburu Debabarreneko Udalek eta Debegesa garapen agentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, antolatu dituzten tailer hauek. Ekimen hau Debabarreneko haur eta gazteen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikarekiko (STEAM, ingelesezko siglak) interesa piztea helburu duen Gazte Robotika hezkuntza-egitasmoaren barruan kokatzen da.
 
Hain zuzen ere, bideojoko baten garapen prozesuak sormena, pentsamendu logikoa eta algoritmikoa indartzen ditu. Tailer hauetan gazteek euren bideojokoak garatuko dituzte, ezagutza matematiko, espazial eta logikoan sakonduz, Scratch programaren bidez. Helburua da egin ahala ikastea. Gainera, arazoei irtenbidea topatzeko garrantzizkoak diren beste zenbait landuko dituzte: arazoaren izaera zein den erabakitzea, irtenbidea topatzeko balioko duen errepresentazioa hautatzea eta euren pentsamendu eta estrategiak monitorizatzea.
 
Ekimenak jarraipena izango du udan, tailer teknologiko gehiagorekin, eta irailean Euskadiko II. Hezkuntza Robotika Txapelketa egingo da. Ermuan izango da aurten txapelketa.