Langabezia egoeran dauden ekintzaileentzat diru-laguntzak

Erabiltzailearen aurpegia debegesa 2018ko urt. 17a, 12:16

Lanbidek ekintzaileei laguntzeko diru-laguntza deialdia onartu du eta Debabarrenean enpresa-ideia bat garatu edo enpresa-proiektu berria martxan jarri nahi duten herritarrek Debegesa garapen agentziaren bitartez egin ahal izango dute eskaera. Guztira, 52 diru-laguntza kudeatuko ditu Debegesak eskualdean.

Langabezia egoeran dauden eta enpresa-ideia bat garatu edo enpresa-proiektu berria martxan jarri nahi duten Debabarreneko herritarrek Debegesa garapen agentziaren bitartez egin ahal izango dute eskaera Lanbidek ekintzaileei laguntzeko abian jarri dituen diru-laguntzak jasotzeko. Langabezian egotea bete beharreko baldintza izango da. Debegesa garapen agentziak, guztira, 52 laguntza eta 74.575 euro kudeatuko ditu eskualdean.

Debegesa da Debabarrenean diru-laguntza hauek bideratu eta banatuko dituena, Lanbideren entitate kolaboratzaile baimendua den aldetik, eta aholkularitza eta beharrezko duten laguntza eskainiko die ekintzaileei. Onartutako 52 diru-laguntzetatik 22 enpresa-ideia bat izanik ideia hori aztertu eta garatu nahi duten ekintzaileentzat izango dira, eta beste 30 diru-laguntza banatuko ditu Debegesak negozio-ideia zehaztua duten ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jar ditzaten.

Diru-laguntzen zenbatekoari dagokionean, enpresa-ideia bat garatzeko laguntza, gehienez ere, 1.000 eurokoa izango da sustatzaile bakoitzeko. Enpresa-proiektu berriak martxan jartzeko, berriz, gehienez ere 1.500 euroko laguntza emango zaio sustatzaile bakoitzari. Zenbateko hauek % 15 handituko dira baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada (eskaera aurkezten duen unean), eta beste % 15 emakumezkoa bada.

Eskaerak 2018ko urtarrilaren 25etik otsailaren 1era aurkeztu beharko dira Debegesaren bulegoetan.

Informazio-saioa, urtarrilaren 24an, 12:00etan
Lanbideren diru-laguntza deialdi honi buruzko xehetasun guztiak emango ditu Debegesak datorren urtarrilaren 24an, 12:00etan. Informazio-saioan diru-laguntza eskatzeko interesa duten herritarrek zalantzak argitzeko aukera izango dute.

Informazio gehiago www.debegesa.eus webgunean edota 943 82 01 10 telefonora deituz (Jaione Leibar).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.