“Euskaltzale amorratua, ekintzaile saiatua eta langile nekaezina”, Felix Etxeberria Larrañaga Parapanek (Elgoibar, 1926) jasoko du aurtengo Gure Balioak Saria. Elgoibarko alfabetatze eta euskalduntzearen, Ikastolaren eta Elgoibarko Izarra Kultur Elkartearen sorreran eta garapenean “arima eta motorra” izan da, besteak beste; gainera, Danobat kooperatibaren sorreran ezinbesteko rola izan zuen eta, bertan lanean ari zela, Etxepe lantegia eratu zuen.
Enpresa, hezkuntza, gizarte eta kirol arloan diharduten Debabarreneko 9 lagunek osatutako epaimahaiak erabaki du saria Felix Etxeberriari ematea, “bere ekimen eta izaera ekintzaileagatik, bai eta bizitza eta ibilbide profesionalean xede hartu dituen helburuak lortze aldera hainbeste lagunen lankidetza eta talentua erakartzeko, motibatzeko eta inplikatzeko gaitasuna erakusteagatik ere, beti euskara eta euskal kultura ardatz izanik”.
Epaimahaiak Felix Etxeberriaren figura azpimarratu du “euskalgintzaren eta herrigintzaren erreferente gisa”, ez soilik Elgoibarren edota Debabarrenean, baita eskualdetik kanpo ere, “etengabeko konpromisoa eta ahalegina eta erabateko dedikazioa erakutsiz, beti ere musutruk eta eskuzabaltasunez jokatuz”.
Era berean, epaimahaiak aintzat hartu du “zintzotasunez, gogo handiz, ausardiaz, modu sortzailean eta ekimen berriei ekiteko ilusioz arlo ezberdinetan egindako lan emankorra, gizarte kontzientzia nabarmena erakutsiz kooperatibismoaren aintzindaritzan, lan munduan euskararen erabilera bultzatuz edota memoria historikoaren berreskuratzean”.
Felix Etxeberria Larrañaga izango da Gure Balioak Saria jasoko duen zortzigarren pertsona, 2010. urtean Debegesa garapen agentziaren ekimenez eratu zenetik. Sari honek Debabarrenean gizarte balioen sustapenean nabarmendu den pertsona publikoki aitortzea du helburu. Debabarrenean bereizgarri diren balioak eta Gure Balioak egitasmoak sustatu nahi dituenak dira: ekintzailetza, lankidetza, errespetua eta integritatea.
Saria datorren azaroaren 9an banatuko da Mendaroko San Agustin Kulturgunean, 18:30etik aurrera. Sari banaketa ekitaldian Maite Maiora mendi korrikalariak hitzaldia eskainiko du, kirola eta balioak hizpide hartuta, denboraldi bikaina amaitu berritan. Beste urte batez, DanobatGroup enpresaren laguntza izango du Gure Balioak Sariaren banaketa ekitaldiak, Mendaroko Udalarekin batera.