'Gazte Robotika' Euskadiko lehen Hekuntza Robotika Txapelketa egingo da Eibarren datorren larunbatean, hilak 23. Astelena pilotalekuan izango da, goizeko 10:00etatik aurrera.
Robotikaren eta teknologia berrien inguruko topaketa izan nahi du Gazte Robotika egitasmoak; 8 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteak motibatzea du helburu, robotikan eta programazioan lehen urratsak eman ditzaten, aldi berean talde-lana eta arazoei aurre egiteko gaitasuna landuz. Zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikarekiko interesa piztea helburu duen hezkuntza proiektua da (STEAM kontzeptua).
Txapelketan 8 eta 16 urte bitarteko 100 bat lagunek parte hartuko dute, 37 taldetan banatuta. Gaztetxoek euren buru-argitasuna eta abilezia neurtuko dituzte hainbat probatan, eurek diseinatu, programatu eta eraiki dituzten roboten bitartez. Hain zuzen ere, gehientsuenek udan zehar Debabarrenean egin diren tailer teknologikoetan parte hartu dute.
Taldeak 4 kategoriatan lehiatuko dira eta taldean lan egiteko gaitasuna erakutsi beharko dute. Pilota jaurtiketa modalitatean 13 talde ariko dira elkarrean artean lehian. Euren punteria probatu beharko dute; robotak jomuga bat jo eta bola bat ahalik eta urrutien bota beharko du. Sumo Combat lehiaketan 12 taldek eman dute izena eta aurkaria joko eremutik ateratzea izango dute helburu garaipena eskuratu nahi badute. 8 talde ariko dira oztopo lasterketa deritzon proban. Ahalik eta denbora gutxienean helmugara iristea lortu behar du robotak eta, horretarako, bidean diren trabak saihestu behar ditu, hauek detektatu eta duten kolorea irakurriz. Azken proba kubo pilaketa izango da. Konplexutasun handikoa eta teknikoki zaila. 4 talde lehiatuko dira. Robotak koloretako hainbat bloke garraiatu eta, jarraian, orden zehatz batean bata bestearen gainean utzi behar ditu.
Topaketak ordenagailuen gune bat ere izango du. Bertan, nahi duten haur eta gazte guztiek bideojokoen mundura murgiltzeko aukera izango dute. Scratch, Kodu, Minecraft eta Unity programak erabiltzen eta bideojokoak sortzen irakatsiko zaie (adinaren arabera), Doplay enpresak eskainiko dituen tailerren bitartez.
Gainera, Gazte Robotika egitasmoaren baitan, erakustaldiak egiteko gune bat prestatuko da eta bertara hurbiltzen diren gaztetxo guztiek izango dute aukera teknologia aurreratuenak ikusi, probatu eta esperimentatzeko. Besteak beste, Eibarko Maker taldeak objetuak eskaneatuko ditu Kinect batekin ondoren 3Dn inprimatzeko; SPC Makeblock-eko kideek tailerrak egingo dituzte eta makeblock robot desberdinak eta airblock droneak erakutsiko dituzte; Doplay enpresak roboten arteko futbol partida antolatuko du, baita beste zenbait erronka ere taldeetan lehiatzeko; eta, Iruña Tecnologías enpresak robot berezi bat ekarriko du Eibarrera, lurretik merkantzia mugitzeko gai dena, oztopoak saihestuz. Gainera, Gazterobotika ekimenean Armeria Eskolak, IK4-Teknikerrek eta Debabarreneko beste enpresa batzuk ere parte hartuko dute.
Goizeko 10:00etan zabalduko ditu ateak eta 14:00etan amaituko da diploma eta errekonozimendu banaketarekin. Hitzordu teknologiko honi buruzko informazioa www.gazterobotika.eus webgunean eskuratu daiteke. Sarrera irekia eta doakoa izango da.
Egitasmoa Eibarko Udaleko Garapen Ekonomikorako Sailak sustatu du eta hainbat erakunde eta entitateren laguntza jaso du, hala nola, SPRI, Gipuzkoako Foru Aldundia, Laboral Kutxa, Obra Social “la Caixa”, Kutxa Fundazioa, SD Eibar Fundazioa eta EPC enpresa. Ekimena robotika arloan espezialista den Doplay enpresak antolatu du eta Debegesa eskualdeko garapen agentziaren esku egon da koordinazioa.