Dolmenen Ibilbidearen balio arkeologikoa eta geologikoa zein paisaia-balioa ezagutzera emateko doako bisita gidatua egingo da igandean, irailak 10. Goizeko 10:00etan hasiko da, Karakateko aparkalekutik abiatuta. Bisita gidatua euskaraz izango da.
Soraluze, Elgoibar eta Bergarako udalerriak lotzen ditu Dolmenen Ibilbideak eta balio arkeologiko handia du; bertan Neolitoko eta Brontze Aroko tumuluak eta trikuharriak aurkitzen dira. Antzinako giza taldeek horrelako mendilerroak, paisaiaren mugarri nagusi zirenak, aukeratu zituzten hildakoak ehorzteko eta beren lurraldea seinalatzeko. Monumentu megalitikoen bidez utzi diguten ondarea antzinako ehorzte-errituekin lotuta dago.
9 kilometroko ibilbidea egingo dute, Karakate eta Irukurutzeta artean. Ibilaldian parte hartuko dutenei gomendatzen zaie arropa erosoa eta mendiko oinetakoak eramatea. Ibilbidearen amaieran parte-hartzaileek gazta, ogia eta sagardoa dastatzeko aukera izango dute.
Parte hartzeko interesa dutenek aurrez eman behar dute izena 657 79 46 77 telefonora deituz edo info@begi-bistan.com helbidera idatziz.
Ehundik gora lagunek parte hartu dute orain artean
Joan den ekainean jarri zituzten abian Soraluzeko, Elgoibarko eta Bergarako Udalek, Debegesa garapen agentziarekin batera, Dolmenen Ibilbidea ezagutarazteko bisita gidatuak. Hasieratik helburutzat finkatu zen ibilbidea ezagutzera ematea eta bertan dauden trikuharri eta tumuluak balioan jartzea. Sei irteera egin dira dagoeneko eta guztira 111 lagunek parte hartu dute.
Igande honetakoaz gainera, beste bi bisita gidatu egingo dira datozen asteetan: irailaren 24an (gaztelaniaz), eta urriaren 8an (euskaraz).