Dolmenen Ibilbidearen balio arkeologikoa eta geologikoa zein paisaia-balioa ezagutzera emateko doako bisita gidatua egingo da datorren igandean, hilak 16. Guztira 9 kilometroko ibilbidea da, Karakaten hasi eta Irukurutzetaraino. Euskaraz egingo da bisita.
Goizeko 10:00etan ekingo zaio ibilbideari, Karakateko aparkalekutik abiatuta, eta 13:30ra bitarte luzatuko da txangoa. Ibilbideak balio arkeologiko handia du, bertan aurkitzen den historiaurreko ondareagatik: Neolitoko eta Brontze Aroko tumuluak eta trikuharriak, hain zuzen. Giza taldeek horrelako mendilerroak, paisaiaren mugarri nagusi zirenak, aukeratu zituzten hildakoak ehorzteko eta beren lurraldea seinalatzeko. Monumentu megalitikoen bidez utzi diguten ondarea antzinako ehorzte-errituekin lotuta dago.
Mendiko bota edota oinetako egokiak eta ura eramatea gomendatzen da. Txangoa amaitzean, parte-hartzaileek gazta, ogia eta sagardoa dastatu ahal izango dute.
Izena emateko deitu 657 79 46 77 telefono zenbakira (Naiara) edo idatzi info@begi-bistan.com helbidera.
Datorren igandekoaz gain, beste 6 irteera egingo dira urrira bitarte: uztailak 30 (gaztelaniaz), abuztuak 6 (euskaraz), abuztuak 20 (gaztelaniaz), irailak 10 (euskaraz), irailak 24 (gaztelaniaz), eta urriak 8 (euskaraz).
(Argazkia: Soraluzeko Udala)