Gure Balioak Sarirako hautagaiak proposatzeko epea zabaldu du Debegesak

Erabiltzailearen aurpegia debegesa 2017ko eka. 20a, 13:06

Debegesa garapen agentziak sustatu eta antolatzen du Gure Balioak Saria; Debabarreneko eskualdean pertsona edo entitate batek bere ibilbidean zehar sustatu dituen giza balioei aitortza egitea du xede. Hautagaiak aurkezteko epea uztailaren 16an amaituko da.

Beste urte batez, eta dagoeneko zortzigarren edizioa du, Gure Balioak Saria abian da. Debegesa Garapen Agentziak sustatu eta antolatzen du sari hau; Debabarreneko eskualdean giza balioen sustapenean nabarmendu den pertsona edo entitateen jarduna publikoki aitortzea du xede. Sari honek indartu eta sustatu nahi dituen oinarrizko balioak integritatea, errespetua, ekintzailetza eta lankidetza-elkarlana dira.

Sariduna hautatzeko proposamenak bidaltzeko epea uztailaren 16an amaituko da. Debabarreneko herritar orok izango du aukera nahi duen hautagaia proposatzeko, baita erakundeek, enpresek eta gizataldeek ere.

Proposamenak egiterako orduan, hautagaiek zenbait baldintza behar dituzte: Debabarrenean jaioak izan behar dute edota euren lan ibilbidea eskualdean garatu izana eskatuko zaie; eskualdearekin lotura izan behar dute; eta, balioetan oinarritutako ibilbidea edo jarduera erakutsi behar dute.

Sariaren gaineko xehetasun guztiak, oinarriak eta hautagaia aurkezteko bete beharreko orria debegesa.eus webgunean dago eskuragarri.

Jasotako proposamen guztiak epaimahaiak aztertuko ditu, unibertsitate, enpresa, kultura eta gizarte arloetan diharduten 9 lagunek osatua. Gure Balioak Sariaren banaketa ekitaldia Mendaron egingo da, urrian.

Saridunak Juan Luis Baroja Collet artistaren eskultura bat jasoko du, sari honetarako bereziki diseinatua.

(Argazkian, iazko irabazlea, Nerea del Campo Agirre, Soraluzeko alkate Iker Aldazabalekin)