Eskualdeko berrikuntza sozialean eragiteko Debabarrena Berritzen proiektua jarriko du martxan Debegesak

Erabiltzailearen aurpegia debegesa 2017ko ots. 22a, 16:22

Martxoaren 1ean aurkeztuko da proiektua Debegesan, 9:00etatik aurrera. Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eskualdeko berrikuntza sozialean eragin nahi du proiektuak.

Debegesa eskualdearen garapenerako agentziak, Elhuyarrekin elkarlanean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker, Debabarrena Berritzen proiektua jarriko du martxan. Proiektuaren helburu nagusia da egungo erronka sozialei erantzun propioak eta egokiak emateko eskualdeko gaitasuna hobetzea eta berrikuntza sozialean ardaztutako dinamika iraunkor bat sortzea.

Proiektua martxotik azarora bitartean garatuko da eta hauek dira landuko diren helburu zehatzak:

- Eskualdean dauden gizarte-praktika eraldatzaileak eta berritzaileak ezagutzea, eta horiek berrikuntza sozialaren argitan aztertu eta ebaluatuz, aurrera begira modu eraginkorrean jarduteko hobetzekoak identifikatzea.
- Eskualdeko berrikuntza sozialaren gogoeta bateratua egitea eta etorkizunera begirako erronkak elkarrekin lantzea, eskualdearen berrikuntza sozialean eragiteko ezagutza eta tresna metodologiko berriak eragileen eskura jarriz.
- Eskualdeko eragileen arteko harremanak eta elkarlana sendotzea.

Horretarako, Debabarrenean garatzen ari diren hainbat proiektu berritzaile ebaluatuko dira, eskualdean dugun berrikuntza sozialaren gaitasunaz jabetu eta abiatzen diren proiektuen bidez sortzen dugun gizarte-, ekonomia- eta ingurumen- inpaktua hobetzeko helburuarekin. Horrela, ebaluazio horien berri eman eta eskualdean dugun berrikuntza sozialaren gaitasuna areagotzeko asmoz, askotariko eragileekin osatutako TOPAGUNEA antolatuko da.

Aurkezpena, martxoaren 1ean

Lehendabiziko saioa datorren martxoaren 1ean egingo da, 9:00etatik 11:00etara, Debegesan (Azitain industrialdea, 3 bis - Eibar). Egitasmoaren berri emango da eta zenbait esperientzia interesgarri ere ezagutzeko aukera izango da, beraiengandik ikasteko. Batetik, Sakanako Haritzak, Sakanako hariztiak balioan jartzeko proiektua, natura eta turismoa uztartuz; eta bestetik, Munibe Group deritzon ekimena, Urola Erdiko mekanizatuko lau enpresek behar komunei aurre egiteko elkarlanean sortutako proiektua.

Parte hartzeko interesa duten norbanako edota eragileek izena eman dezakete komunikazioa@debegesa.eus epostara idatziz edo Debegesara deituz, 943 82 01 10 telefono zenbakira.

Debegesak eskualdeko eragile guztiak animatu nahi ditu ekimenean parte hartzera eta, oro har, gaian interesa duen edonor.