Gure Balioak Sariaren banaketa ekitaldia bihar izango da, hilak 27, Soraluzeko Herri Antzokian, arratsaldeko 18:30etik aurrera. Aurten Nerea del Campo Aguirrek jasoko du saria. Genero indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzeko “Mujeres al Cuadrado” elkartearen fundatzailea da bera eta emakume etorkinen ahalduntzea helburu duen “Empalabramiento” egitasmoaren sortzailea eta arduraduna.
Ekitaldia herritar guztiei irekia egongo da. Nerea del Campok Soraluzeko alkate Iker Aldazabalen eskutik jasoko du saria, Juan Luis Baroja Collet Debabarreneko artistaren eskultura bat. Aurretik, ekitaldiari hasiera emateko, Emakundeko teknikari eta Gizonduz ekimenaren koordinatzaile den Ander Bergarak hitzaldia eskainiko du berdintasunaren inguruan, “Berdin gehiago da” izenburupean. Soraluzeko Musika Eskolako haurren abesbatzak ere parte hartuko du ekitaldian eta bi abesti kantatuko dituzte.
Sari banaketa ekitaldia Debegesa garapen agentziak eta Soraluzeko Udalak antolatu dute elkarlanean, DanobatGroup enpresaren laguntzarekin.
Nerea Del Campo Aguirre Gure Balioak Saria jasoko duen zazpigarren persona izango da 2010. urtean Debegesaren ekimenez eratu zenetik. Sari honek Debabarrenean gizarte balioen sustapenean nabarmendu den pertsona publikoki aitortzea du helburu.
Epaimahaiaren argudioak
Aurtengo Gure Balioak Sariaren epaimahaiak Nerea del Camporen “ekimena, ausardia eta egoera zailak gainditzeko indarra” nabarmendu nahi izan ditu, “bizipen pertsonal gogor batetik abiatuta, indarkeria jasaten duten emakumeei laguntzeko konpromiso sozialean eta elkartasunean oinarritutako proiektua sortzeagatik”. Epaimahaiak, halaber, bere “paper aktiboa eta ahalegina” azpimarratu ditu “genero indarkeria jasan duten emakumeen errealitatea ikusarazteko, ez biktima gisa, bizirik iraunaraztea lortu duten eta indarkeriarik gabeko etorkizun berri bati aurre egiteko gai diren emakume ahaldundu gisa baizik”.
Epaimahaiak kontuan hartu du, baita ere, jatorri edota kultura arrazoiengatik egoera bereziki ahulean dauden emakumeekiko “inplikazioa eta konpromisoa“, “Empalabramiento” eskolen bitartez euren trebakuntza, integrazioa eta ahalduntzea ahalbidetuz, horretarako bere denbora, esfortzua eta ezagutzak modu altruista batean eskainiz.
Azkenik, epaimahaiak Nerea del Camporen “gizatasuna” aintzat hartu du, sari honek sustatu nahi dituen balioak egoki ordezkatzen dituelako, hala nola, bere ekintzailetza-gaitasuna arlo sozialean, lankidetzarako gaitasuna helburu berberak lortzeko xedez, eta bere eskuzabaltasuna eta errespetua hurkoarekiko zein gizarte osoarekiko. Eta hau guztia emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko berdintasunezko gizarte bat lortzeko bidean aurrera egiteko.