Debegesak urtero banatzen duen Gure Balioak Saria Nerea del Campo Aguirrerentzat, bere jardun eta konpromiso sozialagatik

Erabiltzailearen aurpegia debegesa 2016ko urr. 18a, 19:24

Sari banaketa ekitaldia datorren urriaren 27an egingo da, Soraluzeko Herriko Antzokian.

Gure Balioak Sariaren epaimahaiak Nerea Del Campo Aguirre eibartarra saritzea erabaki du. Genero indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzeko “Mujeres al Cuadrado” elkartearen fundatzailea da eta emakume etorkinen ahalduntzea helburu duen “Empalabramiento” egitasmoaren sortzailea eta arduraduna.

Enpresa, kultura eta arlo sozialean diharduten Debabarreneko 9 lagunek osatutako epaimahaiak Del Camporen “ekimena, ausardia eta egoera zailak gainditzeko indarra” nabarmendu nahi izan ditu, “bizipen pertsonal gogor batetik abiatuta, indarkeria jasaten duten emakumeei laguntzeko konpromiso sozialean eta elkartasunean oinarritutako proiektua sortzeagatik”. Epaimahaiak, halaber, bere “paper aktiboa eta ahalegina” azpimarratu ditu “genero indarkeria jasan duten emakumeen errealitatea ikusarazteko, ez biktima gisa, bizirik iraunaraztea lortu duten eta indarkeriarik gabeko etorkizun berri bati aurre egiteko gai diren emakume ahaldundu gisa baizik”.

Epaimahaiak kontuan hartu du, baita ere, jatorri edota kultura arrazoiengatik egoera bereziki ahulean dauden emakumeekiko “inplikazioa eta konpromisoa“, “Empalabramiento” eskolen bitartez euren trebakuntza, integrazioa eta ahalduntzea ahalbidetuz, horretarako bere denbora, esfortzua eta ezagutzak modu altruista batean eskainiz. 

Azkenik, epaimahaiak Nerea Del Camporen “gizatasuna” aintzat hartu du, sari honek sustatu nahi dituen balioak egoki ordezkatzen dituelako, hala nola, bere ekintzailetza-gaitasuna arlo sozialean, lankidetzarako gaitasuna helburu berberak lortzeko xedez, eta bere eskuzabaltasuna eta errespetua hurkoarekiko zein gizarte osoarekiko. Eta hau guztia emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko berdintasunezko gizarte bat lortzeko bidean aurrera egiteko.

Saria datorren urriaren 27an banatuko da Soraluzeko Herriko Antzokian 18:30etik aurrera egingo den ekitaldian, Debegesa garapen agentziaren ekimenez eta Soraluzeko Udalaren eta Danobat Group enpresaren laguntzarekin. Sari banaketa ekitaldian Emakundeko teknikaria eta Gizonduz ekimenaren koordinatzailea den Ander Bergarak hitzaldia eskainiko du berdintasunaren inguruan.

Nerea Del Campo Aguirre Gure Balioak Saria jasoko duen zazpigarren persona izango da 2010. urtean Debegesa garapen agentziaren ekimenez eratu zenetik. Sari honek Debabarrenean gizarte balioen sustapenean nabarmendu den pertsona publikoki aitortzea du helburu.