4.000 eskola-agenda banatu ditu Debegesak Debabarreneko ikasleen artean

Erabiltzailearen aurpegia debegesa 2016ko ira. 12a, 16:38

Ikasturtearen hasierarekin batera, Debegesa garapen agentziak 4.000 eskola-agenda banatu ditu Debabarreneko ikasleen artean, Eskolako Agenda 21 egitasmoaren baitan. Agendak Euskal Kostaldeko Geoparkea du gai ardatz.

14 urte daramatza Debegesak, Debabarreneko garapen agentziak, eskualdean Eskolako Agenda 21 egitasmoa sustatzen eta koordinatzen. 2016-17 ikasturtean Debabarreneko ikasleek Biodibertsitatearen gaia landuko dute ikasgelan. Guztira 28 ikastetxek parte hartuko dute.

Urtero bezala, ikasturtearen hasierarekin batera, eskola-agendak banatu dira LH1, LH2 eta Batxilergoko ikasleen artean (6-18 urte). Guztira, 4.050 eskola-agenda banatu dira.

Agendak ikasturte bakoitzean gai bat izaten du ardatz eta aurtengoan Euskal Kostaldeko Geoparkeari eskainita dago. Geoparkea Debabarreneko bi udalerrik osatzen dute -Mutriku eta Deba- Zumaiarekin batera. Iazko azaroan UNESCOren Munduko Geoparke izendapena eskuratu zuen.

Modu erakargarri eta jostagarrian, agendak Geoparkearen balio geologiko, natural eta kultural garrantzitsua islatzen du. Etxetik hain gertu dugun ondare baliotsu honen ezagutzara eta dibulgaziora bideratuta daude edukiak. Era berean, kontzientzia piztu nahi du ikasleen artean ingurumenarekiko errespetua eta zaintzaren inguruan. Testuak 134 orrialdetan tartekatuta aurki daitezke, ilustrazio, argazki eta Geoparkeari buruzko bitxikeriez lagunduta.

Eskola-agendak eskualdeko Udalen, ikastetxeen, Euskal Kostaldeko Geoparkearen eta Eusko Jaurlaritzaren elkarlanarekin eta laguntzarekin editatu dira. Agenda euskaraz argitaratu da eta paper ekologikoan inprimatu da.

Agenda tresna erabilgarria eta praktikoa da ikasleentzat, zereginak antolatzeko, egun seinalatuak apuntatzeko, oharrak jasotzeko, eta abar. Gainera, telefono interesgarriak kontsultatzeko aukera eskaintzen du eta arlo sozial eta ingurugiroarekin lotutako nazioarteko jaiegunak ere agertzen dira.