Azken 10 urtetan, Debabarrena Ekinean egitasmoaren baitan, 1.836 lagunek jaso dute informazioa, 376 proiektu aztertu dira eta 321 enpresa berri sortu dira Debegesa garapen agentziaren aholkularitza eta laguntzarekin. Enpresa hauek 425 lanpostu zuzen sortu dituzte Debabarrenean. Datuek ekintzailetzaren aldeko Debabarrenaren apustua eta konpromisoa erakusten dute, eskualdearen garapen ekonomiko eta soziala lortzeko eragile nagusi gisa.
Nabarmentzekoa da Debegesaren laguntzarekin sortu diren enpresen biziraupen-tasa bost urte igarota %82koa dela. Izan ere, negozio-ideien bideragarritasun analisia egiterako orduan eskakizun maila altua ezartzen da, beti ere, enpresen eta lanpostuen etorkizuna bermatze aldera.
2015ean, 167 pertsona hurbildu ziren Debegesako bulegoetara enpresa bat sortzeko aholkularitza edota informazio eske eta denera 20 enpresa berri sortzen lagundu zuen, horietako bat Soraluzen: Belaitz Hornigaiak. Enpresa berri hauek abiatzeko 607.617 euroko inbertsioa egin dute eta 30 lanpostu zuzen sortu dituzte.
Gainera, ikastaroak eta tailerrak eskaini ditu Debegesak kultura ekintzailea sustatu asmoz. Oro har, 297 lagunek parte hartu dute 2015ean jarduera hauetan guztietan.
Debabarreneko ekintzaileei laguntzeko zerbitzu integrala
Eskualdeko zortzi udalek ekintzaileei laguntzeko zerbitzu integrala eskaintzen dute Debegesaren bitartez. Zerbitzu hau, halaber, eskualdean ekintzailetzarekin lotura duten gainerako entitateekin elkarlanean eskaintzen da. Horren adibide da eskualdeko bi enpresa inkubagailuekin dagoen elkarlana. Bi enpresa inkubagailu hauek Eibarren eta Ermuan daude. Espazio hauetan ekintzaileek euren jarduera aurrera eraman dezakete epe jakin baterako, Debegesaren etengabeko aholkularitza eta laguntzarekin.
Debegesak informazioa eta aholkularitza eskaintzen die, doakoa eta banakakoa, euren negozio-ideia martxan jarri nahi duten ekintzaileei eta beharrezko dituzten tresnak jartzen dizkie eskuragarri euren enpresa-proiektua garatu dezaten baldintza onenetan, bideragarritasun plana dela, laguntza eta diru-laguntzen gaineko informazioa, finantziazioa eskuratzeko erraztasunak, edota enpresa inkubagailuetan kokatzeko aukera.
Debegesa garapen agentziak, halaber, finantza erakundeekin lankidetza hitzarmenak dauzka sinatuta, enpresa berrien sorrera errazteko helburuarekin. 2016an, hitzarmen horietako batzuk –Nafarroako Rural Kutxa, Sabadell Bankua, Caixabank eta Oinarrirekin– hobetu egin dira, gehienezko finantziazio kopurua handituz eta gainerako baldintzak ere hobetuz.
(Argazkian, Jagoba Etxeberria, ekintzailea eta Ipar Spindle enpresaren sortzailea, eta Cristina Zumeta, Debegesako Enpresa eta Berrikuntza Saileko arduraduna)