Debegesako Administrazio Kontseiluak, Debabarreneko alkateek osatua, Debabarreneko Hiri Garapen Jasangarri Integralerako Estrategia (EDUSI) onartu zuen pasa den abenduaren 17an. Dokumentuak 6 jarduera lerro jasotzen ditu eta Europar Batasuneko Feder diru-laguntza deialdira aurkeztu da.
2006an onartu zen Debabarreneko Garapen Jasangarrirako Estrategia 2020 eta ordutik lan egin da jasangarritasun, kohesio sozial, onura ekonomiko eta ingurumen irizpideak aintzat hartuta. Estrategia Integratu hau aurreko planak osatzera eta jarraipena ematera dator, ingurumen eta arlo sozialak ardatz hartuta.
EDUSI Estrategiak hurrengo helburuak ditu:
- Hiri-ingurunearen kalitatea hobetu.
- Kontsumo enegetikoa eta karbono emisioak gutxitu.
- Erakundeen arteko koordinazioa eta herritarrei administrazioaren zerbitzu elektronikoetara sartzeko aukera hobetu.
- Ekonomia sendotu eta dibertsifikatu.
Aipatu helburuak lortzeko, Inplementazio planak 6 jarduera lerro jasotzen ditu, 2020 urtera arteko epean burutzekoak. Guztira 10.649.150 euroko aurrekontua du eta %50 kofinantzatu ahal izango da Feder diru-laguntzaren bidez. Jarduera lerroak hauexek dira:
- Kalteberak diren auzoen birgaitze integrala.
- Erabilerarik ez duten eraikin eta lur industrialen berrerabilera.
- Hiri-paisaia eta ibaiertzen hobekuntza.
- Eraikin eta zerbitzu publikoetan eraginkortasun energetikoa hobetzea.
- Mugikortasun jasangarria.
- Administrazio publikoaren zerbitzu elektronikoen hobekuntza.
EDUSI Estrategia Debegesa garapen agentziak sustatu du eta herritarren eta eragile ezberdinen parte-hartzearekin landu da, 2020rako Debabarreneko Garapen Jasangarrirako Estrategiaren baitan.