Debegesa Garapen Agentziak, abenduaren 1etik 15era egingo den ‘Tripontziak’ ekimen gastronomikoaren bigarren edizioa jarri du martxan. Debabarreneko Klub Gastronomikoko kide diren eskualdeko 13 establezimenduk hartuko dute parte; jatetxe eta pintxo taberna ezberdinek, nekazal turismo batek eta bi ekoizlek. Ekimen honen helburua da tokiko eta sasoiko produktuen kontsumoa indartzea, eskualdeko ostalaritza sektoreari bultzada bat ematea eta Klub Gastronomikoa ezagutzera ematea.
15 egunean zehar, ekimen honetara atxikitutako establezimenduek bertako eta sasoiko produktuez baliatuz proposamen gastronomiko iradokitzaile eta ezberdinak landuko dituzte prezio berezietan: Tripontziak Menuak 25 eurotan, Tripontziak Pintxoak 5 eurotan (2 pintxo eta 2 edari) eta Tripontziak Egonaldiak (ostatua gosariarekin, Tripontziak menua eta oparia) pertsonako 48 eurotan.
Ekimenean parte hartuko duten jatetxeek – Azitain, Belaustegi, Calbeton, Kanala, Urgain, San Juan, Errota Berri eta Lasturko Taberna – bertako eta sasoiko produktuez osatutako menuak eskainiko dituzte eta bertako nekazari eta produktoreen lehengaiekin prestatutako platerak dastatzeko aukera egongo da. Produktu horien artean, gure baserritarren barazkiak, Mutrikuko portuko arraina, Mendaroko txokolatea eta Goienetxeko gazta (Mutriku), besteak beste. Menuak 25 euroko prezioa izango dute; ogia, edaria, kafea eta BEZa barne.
Bestalde, hamabostaldi honetan, Eibarko Kultu eta Koskor tabernek eta Debako Urgain tabernak ekimen honetarako esklusiboki prestaturiko pintxoak eskainiko dituzte; 2 pintxo eta 2 edari 5 euroren truke eskainiz.
Tripontziak egonaldi bat bizitzeko aukera hautatuz gero, eskaintza oso batez gozatu ahal izango da: gau bateko ostatua eta bertako produktuekin prestatuko gosaria Goikola Nezalturismoan, Tripontziak Menua aukeratutako jatetxean eta bertako gazta zati bat opari. Pakete gastronomiko honek 48 euroko prezioa du pertsonako.
Lehiaketak Twitter-en (Deba_barrena) eta Facebook-en (DebabarrenaTurismo)
Aldi berean, abenduaren 1 eta 15era bitartean, Debabarrena Turismok lehiaketak abiatuko ditu Twitter-en eta Facebook-en, herritarren parte-hartzea bultzatu eta sustatzeko asmoz.
Twitter bidezko lehiaketan parte hartu ahal izateko, erabiltzaileek argazki bat partekatu beharko dute euren “Tripontziak momentua” adieraziz, txioan #Tripontziak etiketa erabiliz eta taberna edo jatetxearen izena aipatuz.
Facebook-en, aldiz, nahikoa izango da Debabarrena Turismoren orrialdera sartu eta lehiaketako galderari ondo erantzutea.
Parte-hartzaile guztien artean hainbat sari zozkatuko dira: Tripontziak egonaldi bat, bi lagunentzako Tripontziak menuak eta Debabarreneko produktuez osatutako saskiak.
Info +: www.debabarrenaturismo.com