Debabarrenean ekintzailetza sustatzeko eta laguntzeko lanean ari diren entitate eta eragile ezberdinek, Debabarreneko Ekintzaletza Foroan bildurik, Debabarrena Ekinean Azoka egingo dute bihar eta larunbatean, ekainak 5 eta 6, herritarrei, eta bereziki, ekintzaileei eskualdean ekiteko eta euren negozio-ideiak garatzeko eskura dituzten baliabideak ezagutzera emateko helburuarekin.
Azokak eskualdeko izaera du eta Eibarko Unzaga plazako karpan egingo da. Sarrera irekia eta doakoa izango da. Azokak ostiralean, hilak 5, goizeko 10:00etan irekiko ditu ateak eta irekita egongo da 20:00ak arte jarraian. Larunbatean, berriz, goizeko 11:00etan ireki eta 21:00ak arte egongo da zabalik.
Azokak iraungo duen bi egunetan hainbat ekintza osagarri burutuko dira, publiko zabalari zuzenduta. Horien artean, azpimarratzekoa da bihar, 18:00etan, Eibarko udaletxean, ROBERTO ETXEBERRIA diseinatzaile eibartar ezagunak eskainiko duen hitzaldia. Etxeberriak ekiteko motibzioari buruz hitz egingo du bere hitzaldian. 2008an bere marka propioa sortu zuen, ETXEBERRIA, gizonezkoentzako modan espezializatua; azken urteetan hainbat sari garrantzitsu jaso ditu eta 2014an New Yorkeko Modaren Astean parte hartu zuen.
Sarrera doakoa izango da eta herritar guztiek Roberto Etxeberriaren hitzaldia entzuteko aukera izan dezaten, ordu berean Unzaga plazan umeentzako tailerra antolatuko da (2 urtetik gorako haurrentzat).
Larunbatean, hilak 6, 11:00etan, Debabarreneko ekintzaileen arteko eztabaida bat egingo da "Nola mantendu ilusioa nire empresa sendotzeko" izenburupean. Arratsaldez, berriz, 17:00etatik 21:00etara, antolatzaile, parte-hartzaile eta herritarrek ekintzailetzari buruzko networking batean parte hartu ahal izango dute.
Debegesaren webgunean, debegesa.eus, informazioa eta egitaraua kontsulta daiteke.