Amets bat izan dut gauean, haurrek lo egiten utzi didaten tartetxo horretan. Nire semeak irribarretsu ikusi ditut, eta ni lasai, urrunetik begira. Korrika, saltoka, bizikletan, eskalatzen… eta euren irudimenezko munduan murgilduta zebiltzan. Nire txikitako garaiak etorri zaizkik burura. A ze garaiak poligonoan! Txiki-txikitatik haurrek kalean bizi eta gozatzen genuen. Auzoko kuadrilla; nire kasuan, Matxiategikoa. Afaltzeko ordua zenean, leihotik gurasoen deiak adierazten zigun jolastordua amaitu zela. Lagunei "bihar arte" esan, eta, lasai asko, zoriontsu izaten, etxera joaten ginen, hurrengo eguna noiz iritsiko irrikatan. Adin tarte zabaleko haur eta gazteak batera jolasten ginen kalean, eta beti zegoen portaleko amona edo aitona, inguruko banku baten jarrita, guri begira, badaezpada. Zoriona, barreak, errieta batzuk ere, auzokide guztiok batera bizitzen genituen. Kalea eta, ondorioz, herria bizirik zeuden.