Gaztelaniako esaerekin jolasa egiten nuen lagunartean nerabetan. Batekin hasi, zati bat kendu eta esaldi bera gehitu: “más vale pájaro en mano que patada en los ovarios”, “el que algo quiere, patada en los cojones”… Zenbat barre!
Baina halakorik ez genuen egin euskararekin. Zuzen idatziak eta esanahi estuz ikasiak behar zuten esaerok. Inork ez zigun harekin jolasik ez egiteko agindu. Baina euskaltasunaz ziharduten bertsoak atsotitzekin bateratsu ikasi genituen: “…biraorikan ez duen, hizketa garbia”. Aitorren hizkuntza zaharra. Gaurko nerabeentzat agian, “de calvos“. Eta nik behintzat, euskaraz baino esamolde gehiago dakit gaztelaniaz. Bueno, jakin ez dakit, baina erabili, seguru. Atsotitzak 0 - El refranero 1. Gollllll. Etxean eta galtzen. Atsotitzak, arrotz hitz bilakatzen.
Gaurkotu, jolastu eta, zergatik ez, hankaz gora jartzeko saiakerak ere baleko
Onintza Enbeitari entzun nion euskara ez dela altxor bat. Berriz ere ados berarekin. “Amen, gu hor (nonbait) eta Onintza hemen.” Euskara komunikazio tresna eta bizitza ulertzeko bidea ere bazen, bada. Eta izango bada, gaurkotu, jolastu eta, zergatik ez, hankaz gora jartzeko saiakerak ere baleko, ez? “Usai goxodun hizkuntz”, ados. “txukun ta garbia”, ez beti, arren.
“Isilik egoteak asko balio” esaerari beldur saltze usaia hartzen diot. Eta…“Beldur duenaren ezpatak punta motza” ez du ba? Hitz eta pitz, poztu eta piztu. Esaera berrien zakua puztu. Punta zorrotzez moztu, ez moztu! Barrez lehertzeraino. Laurden gutxiago izan puntu-puntuan heltzeko. Ze, “bihar ere eguzkia irtengo” al da? “Gezurrak hanka motza” zuen eta “egia egi” zen, eta “ogia ogi”. Baina orain… Egia fake da, ogia bimbo, ardoa… kalimotxo! Bi ta bi lau? Bai, oporreratu eta lau. Bueno ez, oporreratu eta instragramen hamalau!
Ba hori, maita nazazu gutxiago eta goza nazazu gehiago.