Kontatu didate...

Erabiltzailearen aurpegia Arrate Gisasola 2023ko mai. 1a, 15:38

Kantatu zuen Nerea Ibarzabalek, Iruñeko plaza handian. Kantura ekarri zituen amets gaizto bilakatu ziren osabaren altzoetakoak; osabaren arnas mantsoaren oroitzapen mingarriari leku eginez, isilik egoteko esan zionaren sekretua lau haizetara aireratuz. Kantatu zuen gutako askoren, larregiren, ahotsetatik. Kontatu zuten, kontatu ez zuten eta kontatuko ez duten ahots, bihotz eta bizipen latzez bustitako ume izandako gorputz erasotuetatik. Txikitan familia askotako gizonek egindakoa eta gorputz askotan bizitakoa, hiru bertso ederretan bildu zituen.

Identifikatuak sentitu ziren asko zuzendu omen zaizkio gerora Nereari, zauri hori plazan kokatu izana eskertuz. Bertsoak entzutean, oroitzapen eta barne korapiloen astinketarekin batera, esker on uholde bat etorri zitzaidan niri ere bat-batean. Eta bertsogintza zentzuz betetzen da horrelakoetan, eta plazak duen funtzioa eta indarra agerian gelditzen dira.

Eta jakin arren, mundua ez dela era horretan aldatzen, botere harremanak eta zapalkuntzak ez direla bertso batez eraisten, zama-aroa, ez dela hola laburtzen. Kontakizun zein kontu-hartze pribatuekin batera, batzuk egun batez plazan ahotsa izan genuen: publikoki, agerian... Babesean, arnas mantsoko sekretu behartuek sortutako amets gaiztorik ez dago eta. Lotsak, minak, beldurrak nahiz bizi-iraupenari lotutako ahanzturak, denbora tartetxo batean bada ere, ardura zutenen aulkietan kokatu ziren. Eta nik, aulkian deseroso sentitu ziren haiei barkamena eskatzeko inongo beharrik ez nuen sentitu. Nereak bigarren bertsoan aipatutako aitortza beharra eta mendeku nahia barruraino sartuta izan nituen gaztaroko denbora luzeegian. Ala porai!

Kontatu didate, plaza gehiago hartzera goazela, aske bizitzeko, babesean. Deserosotasunak hartu dezala behingoz dagokion lekua!