Eta zenbat aldiz galdu naizen behe-lainotan. Beti gertatu da, basoetan itsasoan baino gehiago itotzea. Zaila da (dena ohitura, dena errua, dena barkamena) oroimenaren korapiloa deslotzen. Lehen bazegoen gauean beranduko giroa, orain egunekoa ere ez! Ez ezazue leihotik so egin, burua gal dezakezue. Zein helburu, zein mandatu, zein fantasiagatik lehertzen zarete ekinean, aiaiai, baldin eta helburua, mandatua, fantasia ez bada sekula zeuena izanen.
Eta leiho ostean bada ere, bertan goxo, Plaentxiartuta. Baina hau ez da denon egia. Bere sorterria nekez uzten du sustraiak han dituenak. Eta ama oroitzen dutenean, badakite, han ere, ez hemen, haien begien ondoan daudela. Eta mende oso bat iraganen lukete haien ondoan koblaka.
Amagandik, irten nintzen bezala irtengo al naiz endredu honetatik. Eta jakin nahi nuke argiak pizten… batak bestearen begietan ere, desioak pizteko argiak. Ene begiek ez dutelako malko isurtzeko gogorik, denik eta bizitza bakarra bizi dutelako.
Eta eman dezagun berrogei urtez horrela, mirilla osteko gizonen menpe egon garela... eta bat batean ohartu ezetz, eta ez zaituztela lotzen, azkenean, ez duzula haririk. Eguzkiaren edo errainuak bezalakoak direla.
Eta ibili nahi dut izpi txikien bidea, egunerokotasunaren amildegi handietatik urrunduz. Lili bat hartu eta hostoz hosto eranztean, amen urrutiko begietan dauden hemengoekin koblaka, maite laztanez hartzeko eta elkartzeko ohantzean, herriko dantza berrian gorpuztu, lagun batekin kotxean entzuten den kantua oihukatuz, kantu baten hitzetan behin eta berriz txirikordatu... Leihotik so ez egiteko, edo egiteko esan digutenengandik askatuz.
Hizki harien indarraz hemen egon gabe egon zara Sarri. Eta orain, hemen egonda, “txikienari” eman diozu elkarrizketa handia. Txikitik espetxe handiak gainditu daitezkeelako.
Araksue ad erug oirotirret erbil arrakab. Abib ut!