Kontu txikixetan

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Arizaga Altuna

Kanta zaharrak diñuan bezela, ura bere bidian doia. Eta hala jarraitzen dabe askok uste izaten bizitzako une garrantzitsuak suzko erroberen parekuak dirala: zaratatsuak, ikusgarrixak, koloretsuak eta planifikatuak. Kontrara, ordia, denborak erakusten dau eguneroko zer txiki horrek dirala bizitzari zentzua emoten dotsenak. Ustekabeko barre bat. Norbaitten begiradakin topo egittia hitz erdirik esan ez arren. Ogi egin berrixan usaiña, edo liburu batena. Egun sargori batian arbola batek emoten daben gerizpia. Gauza arruntak danak, sare sozialetan iñondik ere argitaratuko ez genittuzken horrek, ezeren garaikur ez diranak. Horretxek emoten dotse zentzua izatiari.

Azken hilabeteotan harrittu egin nau bizitzak. Esan neike beste begirada bat piztu dala neugan, eta orain arte ikusten ez nittuan, entzuten ez nittuan gauzez jabetzen hasi naizela. Lehen esandako horrek sentitzen hasi naizela uste dot, horrrek bizitzen. Zoriontasun ihintz xume moduko bat igartzen dot, baju-baju berbetan.

Eta sentsasiño horrekin allegatu naiz uztailera; danok jai-giruan murgilduta edo murgiltziar gaozela. Zer esanik ez, jaixak burrunba, musika, jan-edana, barre algarak, besarkadak, dantzia eta mugimendua dira. Hori dana bai, baiña baitta ume bati eskuan urtzen jakon izozkixa, aspaldi ikusi gabeko senide eta lagunekin egoteko aukeria, haurtxo bati urtetzen jakon lehenengo hagiña eta leihua zabalik desordutan egindako siestak be. Bizitza algara artian.

Akaso hortxe dago koxka konturatu zelan izan leiken gauzarik txikixena, benetan haundi

Akaso hortxe dago koxka: zelan begiratu gauzeri. Betiko eguneroko zerek dauken aparteko hori ikusten ikasi. Konturatu zelan izan leiken gauzarik txikixena, benetan, haundi.

Aurten, inoiz baiño gehixago, horretxekin geratuko naiz. Kontu ñimiñoekin, ix-ixa entzun be egin ez baiña barrenian sendo mugiarazten gaittuen horrekin. Zenbaittetan, gure izatiari zentzu osua emoten dotsana esku-barrenian hartu geinke, edo begirada batian, edo momentuan jakin barik betirako gordeko dozun oroitzapen batian. Azken fiñan, bizitza ez da zarata asko egiten daben ekintza sorta baten segida, ez. Bizitza beste bide batzuetatik doia, kontu txikixetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.