Ezoziko Ama Abesbatzaren ate irekiak astelehenean

Abesbatza antzokian, 2022ko Gospel kontzertuaren ostean.

Ate ireki jardunaldiak egingo ditu Ezoziko Ama Abesbatzak bihar, Batzokian duten entsegu-aretoan. Herritar guztiak daude gonbidatuta, konpromiso barik, hurrengo kontzertuetarako prestatzen ari diren errepertorioa entzutera.

Bihar, astelehena, entsegu-aretoko ateak irekiko ditu Ezoziko Ama Abesbatzak, herriko kantuzaleak gertura daitezen. Batzokiko lehenengo pisuan, 20:30ean hasita, Gabonetako kontzerturako eta Errenteriako Gabon-kanten txapelketarako prestatzen diharduten kantuak interpretatuko dituzte, horien artean, afrikar estiloko gabon-kantak eta konposatu berri eta estreinatzeke dauden bi euskal kanta.

Ekitaldi eta ekimen ugari esku artean

Bai Soraluzeko, bai inguruko herrietako jaiegunak girotzeaz gain (Santa Ageda, Santa Zezilia, Gabonetako kontzertua…) aisialdi irteerak ere egiten dituzte, besteak beste, Euskal Herriko sagardotegi eta bodegetara. Horiez gain, datorren 2024ean, kanpora bidaiatzeko asmoa dute: Madrilera, Salamankara, Valentziara… bertako abesbatzekin elkartruke-kontzertuak antolatuta.

Ezoziko Ama Abesbatzan, “berdin dio ahots motak, berdin dio adinak”, ezaugarri eta profil desberdinetako herritarrak kantuan batzea eta guztiak batera musikaz gozatzea da helburua, beraz...
Animatu eta batu kantura!