Elkartasun ekimenak

Soraluzeko Zaintza Sarea martxan da dagoeneko 40 boluntario lortuta

Erabiltzailearen aurpegia Zaintza Sarea 2020ko mar. 24a, 11:45

24 orduan 40 soraluzetarrek eman duzue izena sarean. Galdetegia betetzeko aukera zabalik dago eta danok animatu nahi zaituztegu, bakoitzak ahal duen neurrian, aletxoa jartzera egoera honi denon artean, komunitate bezela erantzuteko.

Momentu honetan sareak bi lan ildo ditu zabalik: batetik, bolondresak lortzea; bestetik, egoeraren diagnostiko bat egitea, beharrak identifikatu eta bolondres hauek premiak asetzera bideratu ahal izateko. 

Arazo batzuk identifikatu ditugu iada, eta hasiak gara Udalari eskaerak eta proposamenak egiten:

- Internet zerbitzua herri guztira zabaltzea. Udalari eskatu diogu doako WIFI sarea herri guztian zabaltzea. Hau posible ez balitz, Udalak Euskalteli eskatzea konfinamenduak irauten duen bitartean “Euskaltel WIFI Kalean” zerbitzua irekia izatea. Horrela, herritar guztien interneterako zerbitzua bermatuko genuke: ikasleek etxeko lanak egiteko, denok informaziorako sarbidea izateko, telelana errazteko,…

- 70 urtetik gorako soraluzetar guztiekin kontaktuan jarri beharra dago, gertutasuna sentiarazi ta segurtasuna helduarazteko. Arreta berezia behar duten pertsona guztiekin berdin, adina kontutan hartu gabe. Udalak Nagusilan elkartearen telefono bat konpartitu du, bakarrik dagoen jendeak bertara deitu ahal izateko. Sarea osatzen dugunon ustez, holakoetan gertutasuna ezinbesteko da. Gure helburuetako bat da soraluzetarrok gure artean komunikatzea, sarea sortuz. Uste dugu Soraluzetik kanpo kudeatutako zerbitzu batekin hori ez dugula lortuko.

- Hori dela eta, Zaintza Sare bezala prest gaude telefono deien ardura hartzeko. Horretarako, Udalari 70 urtetik gorakoen zentsoa eta kontaktuak eskatu dizkiogu. Uste dugu horrela, komunitatea indartzeaz gain, udal langileen lan karga arinduko dela eta benetan egoera larrian daudenei arreta hobeto eskaintzeko bezala egongo direla.

 

Gogoratu: edozein kezka, zalantza edo proposamen egiteko soraluzekozaintzasarea@gmail.com helbidera idatzi. Denon artean lortuko dugu!