Elkartasun ekimenak

Soraluzeko Zaintza Sarearen aurkezpena

Erabiltzailearen aurpegia Zaintza Sarea 2020ko mar. 23a, 11:03

Aste bat bete da koronabirusaren krisia dela eta etxean konfinatuta gaudenetik eta atzo jakinarazi zuten medioetan, gutxienez hilabete luzatuko den egoera izango dela. Egun batzuk izan ditugu egoera berrira egokitu eta datorrenaz hausnartzeko, eta etor daitezkeen zailtasuneri aurre egiteko asmoz herritar talde bat “Zaintza Sarea” deitu diogunaren bueltan antolatzen hasi gara. 

Garai arraro ta zail hauek aukera bat dira, egin dugunaz hausnartu ta gauzak beste modu batera egiten hasteko. Beldurra esperantzarekin ta bakardadea eta isolamendua babes eta komunitate baten parte izatearekin ordezkatzeko garaiak. Indibidualitatetik kolektibora, ekonomiaren mesedetan dagoen gizarte batetik pertsona erdigunean duen gizarte baterako bidea egiten hasteko garaiak.

Sarea osatzen dugunok zaintza parametro zabaletan ulertzen dugu, eta kontziente gara edadetuez gain beste kolektibo batzuk ere geizki pasatzen ari direla: umeak, lan prekarioa daukatenak, bazterkeria egoeran dauden pertsona eta familiak, langabeak, lana galtzeko arriskuan daudenak, etab...  Zaintza erdigunean kokatu beharra dago. Zaintzak kolektiboa behar du izan.


Egoera honen aurrean Udalak eman ditu bere pausoak, Elgoibarko Gurutze Gorrira bolondresak bideratuz. Herrian bertan saretu eta koordinatu gaitezkeela da gure ustea, herritik bertatik erantzuteko, Udalaren proposamena indartuz eta denon artean eratuz. Horregatik, Udalaren ekimena osatu asmoz, galdetegi bat prestatu dugu Soraluzetarrok bolondres bezala izena eman ahal izateko. Bestetik, Udalari eskatu nahi diogu 70 urtetik gorako soraluzetar guztiekin kontaktuan jar dadin, beraien egoeraren jarraipen bat egiteko. Udal langileak buru belarri lanean jarrita ere lan karga handiegia balitz, Soraluzeko Zaintza Sarea prest eta gogotsu dago instituzioekin elkarlanean herritarron elkartasuna artikulatzeko.

Moduren batean laguntzeko prest ikusten baduzu zure burua (etxetik, kalean erosketak egiten edota bestelako lanetan) eman izena hemen klikatuta edo albiste honen amaieran dagoen formularioetako bat erabiliz. Bertan laguntzeko prest zaudenon datuak jasoko ditugu, eta laguntza presentziala emateko moduan zaudetenok Gurutze Gorrira bideratuko zaituztegu, esan bezala Udalaren erabakiz elkarte hori baita Soraluzeko beharrak koordinatuko dituena Elgoibarretik. 

Herri bezala antolatu gaitezen!

Elkar zaindu dezagun!

Gora bihotzak!

Animo eta aurrera!

Izena emateko formularioa euskeraz: https://forms.gle/mj2nZJQ6G7XwHfYq6

Gaztelerazhttps://forms.gle/C5gPvTxhF2TR6Hwg8

Bestelako egoeren berri eman nahi baduzu: soraluzekozaintzasarea@gmail.com