Lehenagotik badugu ezinikusi gehiegi eta ez nuke nahi zuekin mokoka jardutzerik. Orokorrean´GDI-ko kideeri buruzko nire iritzia baikorra da, oso estimatua dudan lagun bat hor duzue, baita senditarteko bat ere eta nolabaiteko prestigioa ere aitortzen dizuet Sorapedian zabiltzatenoi. Kendu diezaiogun dramatismoa eztabaidari, ez ditzagun hartu labankadatzat gustatzen ez zaizkigunak. Ikuspuntu desberdinak dauden lagunarteko elkarrizketa izan dedila.
Heldu diezaiogun hariari, arrazoi duzue aipatzen dituzuen dekreto, plan, eta abar ez ditudala irakurri esatean, nik gehituko dizuet asmorik ere ez daukadala. Natura gora eta natura behera errepika nabilela? Erantzuna eman diozuen idatzi horretan ez dut behin ere erabili hitz hori.
Ez naizela enteratzen? Baliteke, izan naizen bilera irekietan entzundakoa eta Plaentxia.eus-en irakurritakoa besterik ez dakit. Lana, lana eta lana diozue ta ezin dut kontrakorik esan; Juan Carlosi auziaren hasieran hitzez adierazi niona errepikatuko dizuet “Nahiko nuke zuen ekipoan egon baina bidaia honekin ez nator bat. Hurrengoko batean izan beharko da”.
Beraz, aitortzen dut lan handia egin duzuela, ikaragarria esango nuke, eta nik ez dudan trebezia daukazuela bideogintzan, propagandan eta Udalaren gain egin duzuen eten gabeko presioan. Horretxek ekarri gaitu orain gauden egoerara. Neri atzera begiratua egitea interesatzen zait, batez ere zuen taldea eratu aurretik, hau da, egin duzuen lanarekin ikasi duzuena ez zenekitenean eta hala ere Merlin Proiektuaren aurka oso kementsu agertu zinetenekoa.
Jendeak jakingo du baina esan dezagun labur zer zen Merlin Proiektoa: Ibaia lehengoratzeko asmoarekin presak zabaleran partzialki eraitsi urak oztoporik eduki ez zezan, horrela arrainendako ere gora eta behera ibiltzeko zailtasunak sahiestuz. Jakinekoa da presak berez kaltegarriak direla bai ura eta faunarentzat. Hemen azaleratu ziren elkarren aurkako ikuspuntuak: GDI-rentzat iruzur hutsa zen eta gogor aritu zineten, batez ere proiektoaren buru agertzen zen pertsonaren aurka. Niretzat, onartu beharreko plana zen, ibaiaren iragazkortasuna bermatzen zen, ufaletan uraren garaiera metro batzuk jeisten eta presen ondare historiko, arkeologiko eta arkitektonikoa begi bistan geldituko ziren, eskuekin ikutzeko moduan. Horra hor porlanik gabeko plan integrala.
Baina presa zaleak omen direnak ez dituzte presak maite, sortzen duten efektoa baizik; begi bistan baino nahiago dute ur geruza batek estalita eta presa gainean sortzen den, bai, ditxosozko ur-xafla, osina artifiziala. Eta horrela, batzuk bultzaka eta erabakiak hartu behar zutenak itzali beharreko gatazka zibilaren atarian ginala interpretatuz, Merlin Proiektoa zokoratua izan zen. Kitto. Esku ahurretan geneukan opari ezin ederragoa, izotza eguzkitan legez, urtu eta hatzamar artetik isuri zitzaigun.
Zuek sinistu ez arren noizbehinka nik ere zerbait irakurri egiten dut eta goikoaren harira ondo datorren txosten bat aipatuko dut: Garrantzi handia eman zenioten zuentzat propio egindakoa zirudien Unesko Katedrarena;
2023koa da.
Dituen 8 orrialdetan goraipatzen du ibaia ardatz duela eratu den paisaia, eraikinak eta muga bigun deitzen duen zuhaitz, lorategi eta abar. Ez da agertzen hitz bat ere presak goratzen. Jarraian kopiatu egingo dut “Ingurumena hobetzeko ekintzei” ataleko zati bat: “…aipatu beharra dago Soraluze azterketa-kasuetako bat dela Merlin proiektu europarrean… Proiektu horren helburua da naturan oinarritutako soluzio funtzioaniztasunak sustatzea, uholde arriskua murriztu eta uraren fluxu naturala edota arrainen migrazioa errazteko orduan. Proiektu horren esparruan proposatutako ekintzekin bat, presa txiki batzuk eraisten ari dira udalerriko hirigunetik gora eta behera, ibaia leheneratzeko ekintzak eta Soraluzeko ibai-fatxadaren nortasun irudia babestekoak bateragarriak izan daitezen”. Horraino Unesko katedrak dioena. Ez naizelako enteratzen agian, edo espejismotan murgildurik nabilelako, batek daki, ez dut ezer ikusten zuen aldekorik, guztiz kontrakoa baizik. Merlin Proiektoa zabala da eta beste inon egin ez dutena egin dugu, Merlin arbuiatu.
Bide okerretik abiatuta hemen gaude orain. Espero dezagun Udal eta Aldundiaren artean ahal dan hoberen egingo direla gauzak aurrerantzean. Egiten dena egiten dela, hobetoxeago edo okerxeago, jakin dezagun ez dagoela soluzio integralik presak guztiz eraisten ez badira, bestelakoak oraingo egoera hobetu dezakete, dudarik gabe, baina ez da integrala izango. Eta ostiango guztiak kendu erdialdeko presa mantentzearen truke, tahurraren jukutria, tranpa izango da.
Ez naiz nor GDI-koeri elkarlanerako gaitasuna ukatzeko, dohaiak soberan dituzue laguntzaile izateko. Presio taldea izateko, hobe ez.
Nahi duzuen arte.