Ezaguna egin zen karlista bezala baina gerra hasi zenean liberalekin zegoen. Zergatik aldaketa hau? Ideologia kontua? Bere kide Laureanok argitzen digu: “Ni Otxaboren partidan ibili nintzen. Otxabo mikeleteetan sarjentu zen, baina konpainiako diruak jokoan galdu zituen eta karlistetara pasatu zen. Kapitan egin zuten.” Garbi dago ez zela pertsona arrunta, edozein egoeratan nabarmentzen den horietakoa baizik. Hainbat pasartek adierazten digute berrogei laguneko gerrilla talde baten buru izan zela Otxabo eta Donostia inguruan ibili zela gehienbat. Akzio konkretuak aipatzen dira Orion eta Hernanin. Ahozko adierazpenetatik kanpo, idatzizkoak ere badira. 1874. urteko abuztuan Serafín, Pío Barojaren aitak, bertso papera argitara zuen “Karlistaren Panparroikeria” izenburupean, karlistak barregarri uzteko asmoz. Hamar bertso dira eta laugarrenean Otxabo aipatzen du Gipuzkoako karlisten buruzagi artean. Joseba Tapiaren “Eta tira eta tunba” diskoan dago. Hurrengo urtean, apirilaren 28an, “Diario de San Sebastian”en Hernaniko korrespontsalaren kronika detallista batek zioen: “Beso-euskarriarekin, argalago eta zurbilago, bizarra apainduta, inoiz baino harroago eta basatiago berragertu da Otxabo Hernani erasotzera”. Lehenengo agindua izan omen zen: “Zahar edo gazte, hil egin behar da hernaniarra”. Baina ez zuten lortu tren geltokitik aurrera egiterik eta hor gelditu zen erasoa.
“Otxabo” izengoitiz oso ezaguna izan zen. Izen-abizenak, ordea, ez ditu inork aipatzen. Gaur egun zeharo ahaztua dagoen arren, eta idatzitxo honetan besterik ez bada ere, gorenean eutsi nahi dugu gure heroi/deabru/toreroa, eta zer hobe XIX. mendeko historialari ospetsuenari, Antonio Pirala Criadori azkenengo hitza uztea baino: Iturriaga (El Ochavo).