Dudarik gabe garrantzizkoena ia 40 urteko diktadura izan zen. Diktadurapean jaio eta hazi ginenok gaztelera hutsean jarduten genuen kalean. Euskarak ez zuen inolako prestigiorik eta giro horretan familia batzuen seme-alabak ez zuten euskararik ikasi ere egin. Etxe barruko hizkuntza bihurtu zen eta, jakina, hikaren erabilera desagertu zen. Ez hori bakarrik, egiten genuen hizkera "sukaldekoa" edo zela esango nuke.
Nagusiekin edo baserriko jendearekin gai desberdinez hitz egiterakoan maila batzuk azpitik geundela bistakoa zen, "motz" gelditzen ginen.
Diktadura bukatzear zegoela, giroa aldatuz joan zen eta euskara erabiltzen hasi ginen, baina pertsona jakin batzuekin. Orokorrean kuadrillen giroak gaztelerazkoa izaten jarraitu du gaurdaino.
Kontuan hartzekoa da baita ere herriko biztanle kopuruak izan duen gainbehera azkenengo 50 urtean. Denetariko jendea joango zen, baina euskaldunen kopurua asko murriztu du horrek ere. Horrela, frankismopean euskarak jasan zuen bahiketaren ondorioz ahulduta atera bazen ondorengo kanporako emigrazioak meheagotu egin zuen hizkuntzaren gorputza.
Euskara txukuna erabiltzen dutenak badira, baina esango nuke bai haurrak eta ilusioz ikasi nahi duten gazte edo heldu gehienek ez daukatela hizkuntza eredua. Hizkuntza gehienbat belarritik sartzen da eta ezinezkoa da inoiz entzun ez dituzun esaerak, hitzak eta abar erabiltzea. Borondate osoz euskaraz jarduten ahalegintzen ari direnak esan liteke ahal duten moduan dabiltzala. Horixe da hasieran aipatu dudan jauziaren gakoa.
Eta etorkizunean zer? Iragarle eskasa naiz, baina imajinatzen dut herrian euskaltzaleak izango direla, izango dutela jendea inguruan, beste batzuk ez dietela jaramonik egingo eta akaso 40 urte barru orain gazte direnek orduko gazteei “hori ez da Plaentxiko euskeria” esango dietela.